Zumarragako Udalak Legazpi kalea ireki zuen asteazken goizean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, PSE-EEk zinegotzietako batzuk, Manu Atristain obraren erredaktoreak, Marcos Villegas Moyua enpresako kudeatzaileak, Ibon Aiastui obra buruak eta Antonio Carvalho obra arduradunak parte hartu zuten.
Trenbidea
Serranok Legazpi kalea trenbidea egin zen garaian egin zela (herrigunea trenbidearekin lotzeko) eta azken hamarkadetan ez dela bertan berritze integralik egin aipatu zuen. “Obra honen helburuetako bat oinezkoei lehentasuna ematea da, bereziki bertako bizilagunei. Baita ekonomia suspertzea ere. Legazpi kalean 13 lokal huts daude eta zaharberritzeak horietako batzuk irekitzen lagunduko duela uste dut”.
Kalea azteazkenean ireki zen, baina lan gutxi batzuk falta dira obra amaitzeko. “Udazkenean zuhaitzak landatuko ditugu eta kaleak orain arte ez zituen berdeguneak edukiko ditu”.
Horretaz gain, Legazpi kaleko obra, Soraluze kalekoa, plazakoa eta Jai Alaikoa egitasmo beraren parte direla gogoratu zuen alkateak. Eta Ibai Ondoko obra irailean amaituko dela aurreratu zuen.
Aparkaleku berria
Ordurako, zumarragarrek aparkaleku berri bat ere izango dute. Izan ere, Zumarragako Udalak 100-120 autorentzako aparkalekua egingo du, Sutobal enpresa etxeak eraikitzen ari den lursailaren eta Ipintzaren artean dagoen 2.700 metroko koadroko zelaian.
Olaetxearen zelaia izenarekin ezagutzen den tokian, 36-39 etxebizitza egitea aurreikusita dago etorkizunean. Etxebizitzen obra bi urte barru hastea espero da. Bitartean, zelaia aparkaleku bezala erabiliko da.
Lursailaren jabeek ez dute IBI zerga ordainduko zelaia Udalari uztearen truke eta zelaia aparkaleku bezala egoki-tzeko obra Udalak egingo du. Abuztuan hasiko dira aparkalekuko obrak eta irailerako prest egotea espero da. Aurrerago, Zumarragako Udalak beste aparkaleku bat egingo du mojei erositako lursailean.