Usurbilgo Udalak Zumartegi industriagunean ibaiertzeko eremua zabaldu du. Helburu nagusia oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egitea da. Udalak guztira, 250.000 euro inguruko inbertsioa egin du, nahiz eta horietatik 155.000 Eusko Jaurlaritzak jarri eta Ihobek emandako dirulaguntza baten bidez finantzatu ditu.
irisgarritasuna hobetzea, helburu nagusia
Ibaiertzeko eremua zabaldu eta oinezkoen irisgarritasuna hobe-tzeko, batetik, aparkaleku gehienak kendu, espaloi zaharra desegin eta metro batzuetara eraiki du berria. Horrekin batera, zebra bideak altxa eta margotu dira. “Oinezkoek bide egokiagoa dute paseorako zein atseden hartzeko, errioari begira jarri diren bankuen bidez”, adierazi dute.
Udaletik onartu dutenez, “egoera oso kaskarrean zegoen Zumartegiko ibaiertzeko ingurua: zuhaitzen sustraiek espaloia altxarazia zuten hainbat puntutan, oinezkoen irisgarritasuna nabarmen kaltetuz”.
Bi lan
Lan horiez gain, Udalak beharrezko ikusi zuen Atxegaldetik eta San Inaziotik Zumartegira eta tren geltokira oinez joateko lotura hobe-tzea, eta horretarako, bi lan egin ditu. Batetik, San Inazioko zubitik behera, espaloia egin du, eta, bestetik, eskaileretatik jaitsi eta Atxega jauregiaren atzealdetik sortua zegoen bidexka egokitu du, belar-sarea jarriz: bide mota horrek berdegunea errespetatzen du.
Oraindik beste lan bat egitea falta da: sortutako espaloi berria industriagunearekin ondo lotzeko zebra bide bat altxa eta margotuko da.
Bioingenieritza lanak
Bestalde, jakitera eman dutenez, ibaiertza biziberritzeko bioingeniaritza lanak egin asmo zituen Udalak. Bitan atera zuen proiektua lizitaziora, baina bietan hutsik gelditu zen. Beraz, proiektu hori bertan behera geldituko da oraingoz.