Euskal gizartearentzat garrantzi handia duen lekua da Arantzazu eta han etorkizuneko euskal nortasunaren inguruko gogoetari hasiera eman diote “Euskozenoaegitasmoaren eskutik. Lau euskal erreferente gaztek eta lau fraideek gogoeta partekatua egin dute, etorkizuneko euskaldunak nolakoak izango direnaren inguruan.

Euskozenoa

DOT kooperatibak, Arantzazulabek eta Arantzazuko Frantziskotarrek sustatu eta Foru Aldundiarekin lankidetzan, sustatzaileek Tabakaleran aurkeztu dituzte “Euskozenoaren” edizio berri horren emaitzak. Plataforma hori, euskal nortasunari buruzko hausnarketa eta eztabaidagune bat da, mundu eta kultura globalizatuek markatutako errealitate baten pean, euskaldun izatea zer den eta etorkizunean nolakoa izatea nahi den haurnartzeko.

“Nortzuk izan ginen kontatu digute; orain, nortzuk ote garen galdetu nahi diogu gure buruari, nortzuk izango garen amets egiteko. Denok dugu etorkizunean pentsatzeko eskubidea, horregatik gune irekiak sortu ditugu hausnarketarako eta esperimentaziorako, guztion parte-hartzerako, eta gure nortasun jariakorrak etorkizunerantz proiekta-tzeko”, azaldu zuten ekimenaren bultzatzaileek.

Guztira, diziplina desberdinetako eta beren esparruko erreferenteak diren lau gazte, beste lau frantziskotarrekin batera aritu dira euskal nortasunaren inguruan hausnartzen. Gari Uriarte, Dupla taldeko abeslaria; Oihana Kortazar, mendiko korrikalaria; Xabier Mujika, eszenografoa, eta berrikuntzan aditua den Olatz Ibarretxe, Arantzazuko Santutegiko zaindaria den Juan Miguel Dorronsoro, Paulo Agirrebaltzategi, Anjel Txabarri eta Mikel Santiago fraideekin solasean aritu dira.

Lau galdera

Gazteen eta fran-tziskotarren arteko elkarrizketa hau lau galderatan oinarritu da: Nola egin zen Arantzazun, euskararen estandarizazio prozesua bezalako prozesu berritzailea? Nola lotzen da euskal nortasuna espiritualtasunarekin eta naturarekin?; Zer ikas daiteke Arantzazun bizitako sormen prozesutik? Nola eraikitzen da euskal nortasuna?

Elkarrizketekin ikus-entzunezko lan ederra sortu du Hiru Damatxo ekoiztetxeak; beraien esanetan, “Arantzazu bezalako ikur batek,bertako inguruneak eta paisaiek, aparteko lan estetikoa merezi zuten”.

Arantzazuko ondarea ezagutarazteko Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak hasitako etapa berriaren parte da Euskozenoa proiektua eta, betiko legez, aurrera egin asmoz, erantzun eguneratuak eskaintzen ditu, “Arantzazu Irekita Dago” kontaketa markotzat hartuta.

Aurkezpenean izan dira Naiara Goia, Arantzazulabeko zuzendari nagusia, Olatz Ibarretxe DOTeko zuzendari sortzailea, Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarra eta Xabier Mujika eszenografoa. “Arantzazun iruditzen zaigu, hainbat esparrutan egindako ekarpenek balio sozial eta historiko handia dutela, eta garrantzitsua dela euskal gizartean ezagutaraztea, gure historiaren eta gure izatearen parte direlako. Inondik ere, zabalkunde hori modu berri batean egitea pentsatu dugu, galdera batzuk partekatuz. Horren guztiaren isla da Euskozenoa “, adierazi zuen amaieran Arantzazulabeko zuzendari nagusi Naiara Goiak.