Uztailaren 24ra arte zabalik izango da Urretxun Bizi Gara harrera eskolan izena emateko epea. Udalaren ekimen hau Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago: Urretxuko eta Urola Garaiko gizartearen, historiaren, aukeren eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi duten guztiei. 10. edizio hau ostegun honetan aurkeztu dute, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Oihana Merino Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzaileak.

45 eskola ordu

Urretxun Bizi Gara ekimenaren saioak astearte eta ostiraletan izango dira: 9.30etik 12.00etara, kultur etxean. Irailaren 27an hasiko dira eta azaroaren 29an bukatu. Guztiz doan izango diren 45 eskola ordu jasoko dituzte ikasleek. Hitzaldiak, txangoak, bisitak eta ikastaroak izango dituzte. Administrazioko teknikariek, eragileek eta herriko erakundeek zuzenean landuko dituzte edukiak ikasleekin; historia, gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna… hizpide hartuta.

Gainera, parte-hartzaileek egonaldia egin ahal izango dute herriko kultur elkarteren batean, elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko.

Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzailearekin harremanetan jarriz egin daiteke (693 900 568 telefono zenbakia eta aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikoa).