Urretxu eta Zumarragako udalek herri kirolen inguruko ekitaldi ugari antolatu dituzte hurrengo asteetarako. Astelehenean herri kirolari gazteen saioa izango da Zumarragan, uztailaren 6an Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako Zumarragako kanporaketa jokatuko da eta uztailaren 14an herri kirol ezberdinez gozatzeko aukera izango da Zumarragako San Kristobal auzoan.

Sei kirolari

Astelehenean, 12.30ean, sei kirolarik herri kirol saioa eskainiko dute Zumarragako plazan. Horietatik bost gazteak dira eta bi herrikoak. Sei parte hartzaileak Jon Zaldua aizkolaria (Xabier Zalduaren semea), Iosu Sanchez harrijasotzaile eitzatarra, Unai Etxeberria aizkolari ezkiotarra, Olaia Esnaola harrijaso-tzailea (Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteko bazkidea den Joseba Esnaolaren alaba), Jakes Iruretagoiena Izeta V. harrijasotzaile eta aizkolari zarauztarra eta Oier Mitxelena aizkolari altsasuarra dira.

Lau idi pare

Hurrengo ekitaldia uztailaren 6an izango da: 18.00etan, Zumarragako plazan, Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako Zumarragako kanporaketa jokatuko da. Lau idi parek parte hartuko dute: Ipeñarrieta baserriko Asier Izagirreren idiek (iazko irabazleak), Patxi Aranberriren idiek, Iker Zubillagaren idiek eta Rafa Alegria bermeotarraren idiek. Aurtengo txapelketa, 21.a, berrikun-tzekin dator: lehenengoz idiak pisatuko dituzte (1.400 kilotan sartu beharko dira) eta lehenengoz kanpoko idi pare batek parte hartuko du. Herrian geroz eta idi pare gutxiago daudelako hartu da erabaki hori. Idiak pisatzearen helburua, berriz, lehia ikusgarriagoa egitea da. Gainera, proba gehienetan idiak pisatu egiten dira.

Idi proba baten artxiboko argazkia Ibon Errazu

Urretxuko jaietako saioan ere idi horiek parte hartuko dute. Bi saioetako markak batuko dira eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira.

San Kristobal

Herri Kirol Elkarteak hurrengo asteetarako antolatu dituen ekitaldiekin bukatzeko, uztailaren 14an San Kristobal auzoan jaialdia egingo dute. 12.00etan hasiko da. Oso saio berezia antolatu dute, Mutriku sokatira taldearen laguntzarekin. Sei herri kirol ezberdinez gozatzeko aukera izango da, horietako hiru Iparraldekoak. Tartean, lasto altxatzea, lasto botatzea eta orga jokoa. Sokatira ere egingo dute, noski. Saioaren amaieran pintxoak jateko aukera izango da, trikitilariek girotuta.