Usurbilgo Udalak eta Salbatore parrokiak Elizako kultur ondarea ezagutarazteko lankidetza hi-tzarmena sinatu dute bi urtetarako. 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren baitan, organoa, erlojua, kanpandorrea zein eraikina bera bisita gidatuen bidez erakutsiko da.

Bisita horiek Udalarentzat zein parrokiarentzat bideragarriak izan daitezen, hainbat alderdi adostu eta zehaztu dituzte hitzarmenean. Esaterako, urtean hamabi bisita izango dira, ordu eta erdikoak, eta hamabi lagunentzako lekua izango da.

Bisita desberdinak

Hiru bisita desberdin eskainiko dira, txandaka: batzuetan eliza eta 1907an Parisko Cavaillé-Coll lantegietan eraikitako organoa ikusteko aukera izango da; beste batzuetan, eliza, kanpandorrea eta Benito Yeregi Goldarazenak egin eta 1912az geroztik bertan den erlojua; eta, beste zenbaitetan, soilik eliza ezagu-tzekoa. Bisiten egutegia Udalaren eta parrokiaren artean zehaztu dute, eta 650 Usurbil Biziren webgunean iragarriko dituzte gutxi barru. Bisitetako gidaria Udalak jarriko du eta organo-jolea, berriz, elizak izendatuko du.

Kanpandorrea

Udalak bere gain hartuko ditu bisiten ondorioz sortzen diren elektrizitate gastuak, baita elizako erlojuaren mantenu gastu batzuk ere, hitzarmenak iraun bitartean. Bisiten asegurua ere eginda du.

Horrez gain, dagoeneko zenbait lan eginak ditu Udalak, hitzarmenaren ondorioz: erlojutik kanpandorrera bitarteko eskailerak konpondu ditu, baita kanpandorrearen gunea garbitu ere. Hala ere, Agur-tzane Solaberrieta Mesa alkateak aurkezpenean ohartarazi zuenez, ez dira bisita irisgarriak izango, eskailerak igo behar direlako.

Ibon Alberdi Urrestarazu apaizak gogorazi zuenez, “orain arte ere, eskatzen zuenari irekitzen, erakusten eta esplikatzen zitzaion ondare guztia; zenbat talde gerturatu dira horrela”. Gogoratu du, gainera, elizan Donostiako Musika Hamabostaldiko hainbat kontzertu eman direla azken urteetan, eta Usurbilgo Zumarte musika eskolarekin ere elkarlana dutela. Antolatuko diren bisitei esker, “gure esku dagoen ondare hau are gehiago zabaldu nahi dugu”, esan zuen.