Ekiola Urretxu instalazio fotovoltaikoko proiektu komunitario bat da. Familien eta enpresa txikien eta ertainen energia beharrak asetzeko sortu da, energia berriztagarrien eta ingurune eta etorkizun jasangarriago baten alde. Eguzki energia kooperatiba martxan da dagoeneko eta aurki bazkideak erakartzeko prozesuari ekingo dio.

1,5 hektareako azalera

Urretxuko Udalak, Ekiola Energia Sustapenak SLrekin lankidetzan, duela hiru urte hasi zuen proiektua aurrera eramateko lanketa. Denbora horretan, 1,5 hektareako azalera izango duen planta fotovoltaikoa egiteko beharrezkoak diren lursailak lortzeko kudeaketa lanak egin dira. Iturbe Behekoa baserriaren ondoan dagoen lursail bat eskuratu da.

Urkullu Ekiola proiektuaren presentazioan JON RODRIGUEZ BILBAO

Egitasmoak 700 bazkide hartu ahal izango ditu, etxebizitza/establezimendu baten batez besteko argindar kontsumoa kontuan hartuta. Beraz, 1.800 pertsona inguru izan daitezke proiektu horren onuradun, gutxi gorabehera.

Ezkio, Itsaso, Legazpi eta Zumarragako bizilagunek eta enpresa txikiek eta ertainek ere parte hartu ahal izango dute. Gainera, Ezkio-Itsasoko Udala ere proiektuaren parte da 2022tik.

Laster hasiko dira instalazioa sor-tzeko lanak eta planta fotovoltaikoa 2025erako martxan egotea aurreikusten da. Kooperatiban parte hartu ahal izateko, eguzki plakak edo plaken azalera erosi beharko dira. 1.500 euro inguruko hasierako inbertsioarekin, bazkideek urteko batez besteko kon-tsumo normal bat estaltzeko adina energia sortu ahal izango dute (2.200 kilowatt-orduko eta urteko), energia kooperatibaren kostu prezioa soilik ordainduta. Hortaz, prezio justua ordainduko da, merkatuko prezioaren mendekotasuna murriztuz.

Inbertsioa

Hasierako inbertsioa beste proiektu batzuetan baino txikiagoa da erakundeen eskutik lortutako dirulaguntzei esker: Ekiola Urretxuk 1.159.643,87 euroko laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetatik.

Ekiola Urretxu proiektu jasangarria eta interesgarria da, hiru arrazoirengatik. Alde batetik, ekonomikoa da: kooperatibako kide izateak, energia merkatuko batez besteko prezioa baino merkeago eskuratzeko aukera ematen du. Bestetik, jasangarria da: urteko batez besteko 2.200 kilowatt-orduko behar energetikoa %100ean era jasangarrian asetzeko aukera ematen du. Eta, azkenik, egitasmoa kooperatiboa da: erabakiak era kolektiboan hartzen diren komunitate batean parte hartzeko aukera ematen du, erantzukizunak elkarbanatuz.

Plazak mugatuak dira eta egitasmo honetan izena emateko epea datozen egunetan zabalduko da, proiektua gizarteratzeko informazio saioekin batera.