Anoetako eragileek elkar hartu dute, beste behin ere, herriko festetako eskaintza egiteko. Ostiralean zabaldu zituzten txosnak eta asteazkenetik aurrera festa batzordeak antolatzen duen egitaraua osatzeko ekitaldiak prestatuko dituzte. Euskal preso eta iheslarien aldeko brindisa izango da maiatzaren 29an, herri mugimenduaren aldeko afaria maiatzaren 30ean, eta ekainaren 1ean, gazteen kalejira egingo dute urtero bezala.

Antolatzaileek azaldu dutenez, otsaila aldera hasten dira eragileetako ordezkariak biltzen herriko festak prestatzeko. Hamar bat lagun elkartzen dira taldean, eta azken aldera, asteroko maiztasunez egiten dituzte bilerak. “Jada hartuta daukagu lan dinamika, elkar ezagutzen dugu eta ohituta gaude beste hitzorduetan ere elkarrekin lan egitera”, baieztatu dute. Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra ospatuko dira Anoetako festak eta egunotan 180 lagun inguru arituko dira boluntario bezala lanean. “Elkarren zaintzari ere garrantzia ematen diogu. Festetan txanda bat egingo duenak, esate baterako, ziurtatuta du lekua herri mugimenduaren aldeko afarian”, esan dute. Saldu dituzte dagoeneko txartel guztiak eta 450 pertsona inguruk afalduko dute plazan maiatzaren 30ean.

Ekainaren 1eko Gazteen kalejiran 120 lagunek eman dute izena. Plazan egingo dute dantza eta hori izango da Anoetako festen guneetako bat. Plaza txikia deitzen dioten horretan jarriko dute agertoki nagusia eta bertan egingo dituzte jai egitarauko kontzertu nagusiak. Eragileek hiru txosna jarri dituzte festagunean: plaza txikian bat, plaza handian bestea eta plazaren aldameneko estalpean bestea. “Udalarekin koordinatuta jarduten dugu eta saiatzen gara plazan dauden kontzertuak eta estalpekoak osagarriak izaten. Egunen batean bi agertokietan aldi berean arituko dira musikariak eta horrelakoetan giro ezberdinak sortzen saiatu gara”, azaldu dute. DJak izango dira eragileen festa guneen arituko direnak. Herrikoak, inguruko herrietatik etorritakoak eta Gasteizkoak ere izango dira tartean.

Ostiraletik aurrera festagunea espazio segurua izatea nahi dute eragileek. Aurretik osatua dute festetan eraso matxisten aurrean nola jokatu erabakitzeko protokoloa eta herri osora zabaldu zuten gerora. “Protokoloa martxan egongo da aurtengo jaietan ere eta kartelak jarriko ditugu txosnagunean eraso bat ikusiz gero nola jokatu azalduz”, baieztatu dute.