Arrasateko Ointxe! saskibaloi taldearen emakumeek azteazkenean jokatuko dute Granadan LF2 kategoriara igoera fasea. Astearte honetan Arrasateko eta Aretxabaletako alkateek, Maider Morrasek eta Garikoitz Iturbek, harrera egin zieten Mondragon Unibertsitateko jokalariei.

16 talde

Igoera txartela lortu nahian, hamasei talde arituko dira nor baino nor gehiago, lau multzotan banatuta. Multzo zailena egokitu zaie arrasatearrei: Granada (igoera fasera hirugarren aldiz jarraian sailkatu dena), Zaragoza eta Cacereseko taldeak. Guztira, sei talde igoko dira kategoriaz.

Morrasek eta Iturbek animo mezuak eman zizkieten jokalariei astearte honetako ekitaldian. Ointxe!ko presidente den Oihane Agirrek klubetik emakumezkoen saskibaloiaren alde egin duten apustua azpimarratu zuen, eta udal ordezkariei eta taldearen babesleei eskerrak eman zizkien, urte hauetan guztietan izan duten laguntzagatik.

Lehen Maila Nazionala

Ez da badaezpadakoa denboraldi honetan Mondragon Unibertsitatea Ointxe! lortzen ari dena. Duela bi denboraldi Lehen Maila Nazionalera igo zen taldea eta aurten, Emakumezkoen 2. Ligarako igoera fasera sartzeko bi postuetako bat lortu du. Agirrek azaldu zuenez, “Ointxe!ren helburuetako bat da emakumezkoetan aurrera egin eta lehiatzea”. Igoera fasea ostegunetik igandera arte jokatuko da.