Zizurkil erraietatik zikloa jarri du martxan Zizurkilgo Udalak. Egitasmo honen baitan, hilabetean behin, kultur ikuskizunak antolatuko dituzte Atxulondo kultur etxeko areto nagusian, eta, Udaleko kideek azaldu dutenez, bertako artistei “plaza emateko” helburuz sortu dute egitasmoa. Ekimeneko lehen kontzertua Arrixku taldeak emango zuen ostiralean 20.00etan.

“Izenak berak ondo adierazten duen bezala erraietatik ezagutu nahi ditugu bai Zizurkilgo, bai bailarako artistak. Badakigu sortzaile ugari daudela eta horiei guztiei aukera eman nahi diegu taula gainean azaltzeko eta duten talentua agerian jartzeko”, azaldu du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak proiektu berriaren inguruan. Hari berari tiraka nabarmendu du edozein diziplinatako eragilea” bildu nahi dituztela ziklo horretan, eta gazteengan jarri nahi dutela arreta bereziki. Zizurkilgo Udaleko Ainhoa Larrea kultur teknikariak gaineratu duenez, “hainbat urtetan” eskatu diete herriko gazteek entsegu lokalak zabaltzeko, baina adierazi udalaren azpiegiturek ez dutela ematen eskaera erantzuteko nahikoa baliabide. Aurrerantzean eskaera horiei erantzuteko kultur etxea zabalduko dutela azaldu du zinegotziak. “Baloratzen aritu ginen eta Atxulondo kultur etxean areto nagusi bat daukagu; bada, horixe da eskaini nahi dieguna”, baieztatu du bukatzeko.