Aldaketak eta berrikuntzak izan dira ekainera bitarte Tolosako Udalak antolatuta duen kultur programazioan. Udalak jakinarazi duenez, bere arduraz kanpoko arrazoiengatik ekitaldi bat atzeratu da. Bestalde, emanaldi gehiago programatu dituzte uda iritsi bitarteko asteetan.

Mirua talde tolosarrak maiatzaren 3an eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Disko berriaren argitalpena atzeratu du taldeak eta, horrenbestez, kontzertuaren data berria diskoa aurkeztutakoan zehaztuko dela jakinarazi dute udal ordezkariek. Kontzertuaren ordez, egun berean, J.J. Vaqueroren bakarrizketa izango da Leidorren, 20.30etatik aurrera. Arimaz Kamera Orkestrak ere ikasturte amaierako emanaldia egingo du maiatzaren 5ean, igandea, Leidorren, 12.30etan hasita. Piano eta orkestra kontzertua izango da, Izaro Yañez bakarlari gisa dela. Luis Mariano lirika elkartearen laguntza izango du orkestra tolosarrak. Egitarauarekin jarraituz, maiatzaren 24an, Anari Alberdiren kontzertua izango da, 20.00etan hasita. Abeslari azkoitiarrak argitaratu berri duen bere zazpigarren lana, Giza Zarata izenekoa, emango du ezagutzera. Emanaldirako sarrerak jada salgai direla ere adierazi du Udalak.