Petrus Perdei errumaniar jatorriko zumarragarrak Antonino Oraa kaleko Toki Alai taberna irekiko du ostiralean, 19.30ean. Pintxoak eta edaria zerbitzatuko ditu nahi duten guztientzat. Trikitilariek inaugurazioa girotuko dute. Toki Alai taberna Maritxu Ibargurenek ireki zuen, duela 59 urte. Azken urteetan bere alaba Lurdes Odriozola eta bere biloba Iñigo Etxaniz arduratu dira tabernaz, baina abuztuan itxi egin zuten.

Perdei Errumanian jaio zen 1983an. Hamabi anai-arrebetan laugarrena da. Zortzi anai-arreba Euskal Herrian bizi dira. Ofizio ezberdinetan lan egiten dute. Perdeik Antonino Oraa kaleko Urola pentsioa hartu zuen iaz eta orain Toki Alai taberna hartzea erabaki du.

20 urte baino gehiago daramatza Errumaniatik kanpo. “2003an atera nintzen Errumaniatik. Hasieran, hiru urte eman nituen Valentzian. Ondoren, Euskal Herrira etorri nintzen. Urtebete eman nuen Lazkaon. Miranda de Ebron hamabi urte eman nituen eta 2020an Euskal Herrira itzuli nintzen. Anaien pintura enpresan lan egin dut. Iaz Urola pentsioa hartu nuen. Jabeak alokatu egin nahi zuela jakin nuen eta alokatzea erabaki nuen. Langileak, turistak eta Inaziotar Bideko erromesak daude gure bezeroen artean”.

Orain Toki Alai taberna hartzea erabaki du. “Lurdesek taberna itxi behar zutela esan zidan, baina norbaitek hartuko zuela uste nuen. Duela hilabete batzuk, ile-apaindegian taberna hartu al nuen galdetu zidaten. Ezetz esan nien. Jendea Toki Alai hartu nuela esaten ari zen eta Lurdesi ea taberna salgai zegoen galdetu nion. Bankuak laguntza eman dit eta erostea erabaki dut. Abenduan hasi nintzen taberna egungo legedira egokitzen eta ostiralean irekiko dut. Jendea inauguraziora gonbidatu nahi dut”.

Hilaren 26tik aurrera, Odriozola-Ibarguren sendiak bezala, hamaiketakoak, bazkariak eta afariak eskainiko ditu. “Etxeko sukaldaritza eskainiko dugu. 9.00etan irekiko dugu eta 23.00etan itxi. Egunero irekiko dugu. Ea taberna altxa-tzea lortzen dugun. Bizilagunak pozik daude eta askok zorte ona opa didate”.