Azken osoko bilkuran 2023-2027 agintaldian Hondarribian Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa alderdi guztien babesarekin onartu eta gero, Garoa Lekuona Udaleko Euskara zinegotziak Plan hura aurkeztu du.

Azken hileotan Udalean egindako lanaren emaitza dela azpimarratu du zinegotziak, eta hura herritar eta eragileekin landu dela azaldu zuen, Hausnarketa Batzorde baten bidez. “Hausnarketa Batzordea hirutan bildu zen azaroa eta urtarrila bitartean, eta aldiro 15-18 herritar eta eragileek parte hartu zuten”.

Bestalde, Plana sortzeko Gobernantza eredu parte hartzailean indarra jarri zela esan du Lekuonak, eta euskarak udalerrian duen egoera oso txarra dela gogoratu zuen. Horren adierazgarri da 2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketan oinarrituta, euskararen kale-erabilera %16,3koa zela, eta elkarrizketa gehienak (%75,3) gaztelaniaz zirela. Bestalde, 2021eko erabilera-datuak 2016ko kale-neurketako datuekin alderatuz gero, bost urtetan zortzi puntuko beherakada egon da Hondarribiko kaleetan euskararen erabilerari dagokionez.

Planari dagokionez, bost ardatz estrategiko ditu eta www.hondarribia.eus web orrian irakur daiteke.