Ostiral honetan hasiko dira Lazkaoko San Prudentzio Jaiak. Apirilaren 19tik 21era eta apirilaren 26tik maiatzaren 1era ospatuko dira. 70 jarduera baino gehiago antolatu dira: kirol ikuskizunak, musika, haurrentzako ekitaldiak eta tokiko eragileen jarduerak.

Gatibu, Gozategi, Ohian Vega, Trikidantz eta Vulkanoren kontzertuak nabarmentzen dira. Gainera, tokiko taldeek ere eszenatokia hartuko dute. Bestalde, Lazkaoko Musika Bandak, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Suthai batukadak, Oin Arin dantza taldeak... presentzia izango dute.

Kirol arloan, binakako krosa, Urrezko Aizkora txapelketa, Lazkaoko LXXVI. bizikleta txapelketa edota pilota finala izango dira nagusi.

“Jarduera-programa zabal hori herritarrekin eta talde eta eragileekin elkarlanean egin da, eta, beraz, egindako lan guztia eskertu eta balioetsi nahi dugu. Hori ez ezik, udal boluntario eta langile ugarik jaiegunetan egingo duten lana ere eskertu nahi dugu. Laguntza hori ezinbestekoa da jaien garapenerako”, esan du Lazkaoko alkatea den Kepa Zubiarrainek.

Bakuntza

Hilaren 26an, Bakuntza Elkarteko kideek jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria botako dute. Alkatearen hitzetan: “Aurten, dibertsitate funtzionala duten haur, gazte eta helduek pertsona guztien arteko inklusioa eta elkarreragina sustatzen duen Bakuntza Elkarteak txupinazoa botako du, herri-bozketa bidez aukeratua izan ondoren. Egindako lanagatik eta egindako ezinbesteko ekarpenagatik merezitako aitortza da”.