Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiak Maria Moliner saria jaso du
10.000 euroko saria jaso dute Irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak martxan jartzeagatik
Maria Moliner Kanpaina Espainiako Kultura Ministerioak FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean antolaturikoa da, “herritar guztiei zuzendutako irakurzaletasuna sustatzeko proiektuak saritzen ditu” eta arreta berezia jartzen du liburuetarako sarbidean eta irakurketan aukera berdintasuna sustatzean. Espainiako Kultura Ministerioko antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioan 50.000 biztanletik beherako 562 udalerrik aurkeztu dituzte proiektuak eta 370 liburutegi aukeratu dituzte.
Plazida Otaño
Hamar proiektu onenen artean hautatu dute Aiztondoko Plazida Otaño eta aurreko ostiralean Madrilen jaso zuten saria Arantxa Zabala eta Irene Urruzola liburuzainek. Liburutegiko funtsa handitzeko 10.000 euro jaso ditu Plazida Otañoko arduradunek.
Pizgarria
“Aitortza hau guretzako pizgarria da irakurzaletasuna bultzatzeko lanean jarrai dezagun, beti ere inklusioaren alde, aniztasuna errespetatuz eta ezberdinen arteko elkarbizi-tza bultzatuz. Gainera, berrikuntza, sorkuntza eta gureofizioarekiko pasioa baloratu dituztela sentitzen dugu”, adierazi zuen sari banaketan Zabalak. Urruzolak, bere aldetik, saria Plazida Otañoko komunitatea osatzen dutenekin partekatu nahi izan zuen, eta eskerrak eman zizkien proposatutako ekimenean parte hartzeko agertu duten “jarrera baikorragatik”.