Markel Olano eta Xabier Barandiaran, Eusko Legebiltzarrerako EAJren Gipuzkoako hautagaitzako kideak, Urola Garaiko kide eta kargudun publikoekin elkartu ziren. Bat etorri ziren garapen ekonomikoaren eta kalitatezko enplegu gehiago sortzearen aldeko apustua egiteko garaian. Arcelorreko eremua garatzeko konpromisoa azpimarratu zuten. Eskualde osoko industria suspertzen eta garatzen laguntzeko giltzarria izan daitekeela aipatu zuten.

Kudeaketa

Olanok eta Barandiaranek EAJk egindako lana goraipatu zuten. “EAJk gobernatzen dituen erakundeek egindako kudeaketa diskretu bezain eraginkorrari esker, eskualdean erabili gabeko lurzoru industrialaren erosketa nabarmena egin da 2018 eta 2021 artean. Esate baterako, Sidenorreko (90.000 metro koadro) eta SFPko (10.000 metro koadro) instalazio zaharrak Legazpin, Sarraldekoa (10.000 metro koadro) Urretxun eta Arcelor Mittalekoa (150.000 metro koadro) Zumarragan.

Industria berria

Urola Garaiak etorkizuneko aukera paregabea du espazio horietan, industria berria erakartzeko eta bertako biztanle guztiei onura ekarriko dieten lanpostu berriak sortzeko”, adierazi zuen Olanok.

Arcelor Mittaleko eremua berreskuratu eta biziberritzeko prozesua abian dela eta, eskualdearekin duten konpromisoa azpimarratu nahi izan zuten. “Jarraitu beharreko bidea hirigintza eta ingurumen araudiek markatzen dute, betiere horretarako ezarritako legedi eta epeak jarraituz. Area hau 2024tik 2027ra bitartean konpontzeko eta urbanizatzeko lanak egiteko, 15.213.686 euro ditu hitzartuta egungo Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia sailburuak gidatutako Ekonomiaren Garapeneko departamentuaren bitartez”.

Arcelor Mittal, Bergaran. Ruben Plaza

Olano eskualdeko biztanleen bizi kalitatea bermatuko duten proiektu aurreratuak erakartzearen alde azaldu zen. “EAJk beharrezko hirigintza tresnak onartzearen alde egingo du, proiektu bideragarriak eta ingurumenaren aldetik seguruak erakartzeko, aberastasuna eta kalitatezko enpleguak sortuko dituztenak. Tokiko, eskualdeko eta eskualdez gaindiko eragile guztiekin batera lanean jarraituko dugu, Zumarragaren eta eskualde osoaren etorkizunerako funtsezkoa den industria eremu honetarako konponbide eta proposamen bideragarriak eskainiz”.