Apirilean zehar jarduera ugari izango dira Seguran. Udalak herriko eta bailarako hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako ekintzak dira, segurarrak gozarazteko helburuarekin prestatuak.

Apirilaren 13an hirugarren Kinto Eguna ospatuko da. Burrunbazale txaranga, Distopia elektrotxaranga eta toka txapelketa izango dira, besteak beste, egunean zehar. Gainera, jubenil mutilen txirrindulari proba egingo da. Eskolarteko txirrindulari proba apirilaren 20an izango da eta kadete mutilena hilaren 28an.

Apirilaren 14an mendi irteera egingo da Ataungo kobara. Biologo batek gidatutako txangoa izango da. Apirilaren 18an, berriz, Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? hi-tzaldia eskainiko du Iñaki Iurrebaso Biteri soziolinguistak. Saioa Danon Gelan egingo da, arratsaldeko 18.30ean.

Hurrengo egunean, Lutxo Egiak, Guretik Sortuak kultur proiektuaren eskutik, Seguran egindako egonaldian idatzitako helduentzako ipuina aurkeztuko du. Botika Xaharrean burutuko da saioa, arratsaldeko 18.30ean.

Bestalde, hilaren 21ean hazien bedeinkatzea egingo da Santa Engrazi ermitan. Hainbat baserritar Santa Engrazira hurbilduko dira tradizioari urteak gehitzen jarrai-tzeko. Festa giroan igaroko dute eguna.

Apirilaren 23an, Ateak Ireki programa aurkeztuko da Danon Gelan. Jatorri euskalduneko gazte estatubatuar talde batek Goierrin igaroko du uda Ateak Ireki programaren bitartez. Goierriko familietan egingo dute hiru asteko egonaldia, ekainaren 22tik uztailaren 14ra bitartean. Aurkezpen saioa arratsaldeko 19.00etan hasiko da. Helburua, Segurako familiak Ateak Ireki programara batzea da.

Apirilaren 26an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da herrian. Bigarren eskuko liburu truke azoka antolatu da, irakurzaletasuna sustatu eta jasangarritasuna bultza-tzeko gogoz. 14.30etan hasi eta 20.00etan amaituko da.

Apirileko azken jarduera hilaren 27an egingo da. Inklusioaren aterkia sortuko da; hau da, eskultura komunitario kolektibo bat. Herriko plazan burutuko da ekintza, 12.00etan.