Alegiako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “pasa den 2023ko azaroan jarri zituen martxan Udalak Renfek tren geltokiko pasabideetara sartzeko arrapalen irisgarritasuna hobetzeko lanak”, eta jada amaitutzat eman dituzte aipatutako lanak. Udalaren helburu nagusia aipatutako arrapala horiek irisgarritasun araudira egokitzea izan da, eta gaineratu dutenez, lan hauek aurrera eraman ahal izateko “115.932,42 euroko inbertsioa egin behar izan du Renfek”.

Komunikazio ona Renferekin

Alegiako alkate den Regina Sorarrainek pasa den astean azaldu zuenez, “hilabete hasieran amaitu zituzten azaroan hasitako lanak”, beraz, jada erabilgarri dira. Gainera, Sorarrainek nabarmendu nahi izan zuen uneoro Renferekin izandako harremanak “oso onak” izan direla. “Haiekin izan dugun komunikazioa oso ona izan da hasiera-hasieratik, eta horrelaxe mantendu da lanek iraun duten bitartean”, baieztatu zuen alkateak, lanen amaierarekin “oso pozik” zegoela nabarmentzen zuen bitartean. Horretaz gain, eta hari berari tiraka, Alegiako alkateak adierazi zuen Renfeko langileek prozesu guztian zehar izan duten “gertutasuna eta profesionaltasuna” nabarmen-tzekoa izan dela, “herritarrek lanak gauzatzeko garaian egindako hobekuntza proposamenak kontuan hartu dituztela” argudiatuz.

Azaroan hasitako proiektu honi amaiera eman dio beraz Regina Sorarrain buru duen udal gobernuak. Aurrerantzean, “irisgarritasun plana hobetzen jarraitzeko proiektuak gauzatzeko konpromezu irmoa” dutela nabarmendu dute Udaleko kideek, eta beraz, proiektu gehigarriak azter-tzen hasiak dira jada.