Apirilaren 13an Poligrafo Fest musika jaialdiaren bederatzigarren edizioa egingo dute Urretxun. Borla, Las Sexpeares, Cyanide Pills eta TV Smith&The Bored Teenagers taldeek joko dute, Nekolaldeko aparkalekuan. Jaialdia Zarraparra kolektiboak antolatu du, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzarekin.
Egitaraua
Borla taldeak 20.00etan joko du. “Iruñeko gazteak ez dira hasiberriak musika munduan. Tatxers, Comic Sans edota Blessure taldeetako kideak izanda, 1980ko hamarkadako punk eta euskal rocka egunera-tzen dute. Beraien lehen demoa argitaratu dute eta gurean zuzenean ezagutzeko aukera izango dugu”, azaldu dute Zarraparrako kideek.
21.30ean Las Sexpeares taldeak joko du. “Argentinar-bizkaitar hirukote honek 1990eko hamarkadako estiloak lantzen ditu. Stoner-rock, alt-rock eta punk-rocka trebeziaz nahasten dituzte. 2020. urtean Girando Por Salas estatu mailako egitasmora sailkatu ziren. Beraien zuzeneko ikaragarria ikusteko aukera izango dugu Poligrafoan”.
23.00etan Erresuma Batuko Cyanide Pills taldeak joko du. “Leeds hiriko punk talde hau 77’s punk-a oraingo garaira ekartzen duten taldeen artean esanguratsuenetarikoa dela esan dezakegu. Beraien biran Euskal Herrian egingo duten kon-tzertu bakarra Urretxun izango da!”.
Bukatzeko, 0.30ean TV Smith&The Bored Teenagers taldeak joko du. Taldeko kideak Erresuma Batukoak eta kataluniarrak dira. “TV Smith 77’s punkaren aitzindaria dugu: The Adverts talde mitikoaren buru izan zen. Etengabe proiektu ezberdinetan murgildua, azkenengo urteetan bere izenpean egiten du lan. Horretarako, Bartzelonako musikariez osatutako The Bored Teenagers taldea sortu zuen aspaldi. TV Smith-en zuzeneko emanaldia ikusi nahi duenak, bi aukera besterik ez ditu: Madrilen eta Urretxuko Poligrafoan!».
Sarrerek hamabi euro balio dute. Dagoeneko salgai daude, entradium.com webgunean. Egunean bertan 15 euroan salduko dituzte, Nekolaldeko aparkalekuan. Zarraparrako bazkideek hamar euro ordainduko dute.