Lezon euskararen normalizazioa bultzatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko plan estrategikoa osatzeko prozesua abiatzera doa, udalgintza eta herrigintza bateratuta.

Horretarako, udalgintzatik zein herrigintzatik egin litekeena proposatzeko, hainbat gairen inguruko eztabaida foro irekiak egingo dira: aisialdia, hezkuntza, familia, merkataritza, gazteak…

Aurkezpena

Testuinguru honetan, gai honen inguruko elkarrizketak eta gogoetak herritar ahalik eta gehienen artean zabaltzea nahi denez, bestelako ekimenak ere antolatuko dira: Bizkarsororen emanaldia, Urtzi Urkizuren liburuaren aurkezpena, kirolaren inguruko mahai-ingurua, gurasoen-tzako hitzaldiak

Prozesu horren jarraipena egin eta ekarpenak egiteko, lehengo astean osatutako kontraste taldea lehen aldiz bildu zen. Kontraste talde honen zeregin nagusia egingo den diagnostikoaren eta aurrera begira proposamenen gaineko iritziak eta ekarpenak egitea izango da.

Lezoko Parte Zaharra Mendi Urruzuno

Ondorengo eragileetako kideek osatzen dute kontraste taldea: Oarsoaldeko euskara zerbitzua, Ttakun euskara elkartea, AEK, Herri Eskolako Euskara Talaia guraso taldea, Ikastolako Errota guraso taldea, Allerru futbol taldea eta UEMA.

Euskaraz mintzatzen den udalerri bat

Udaletik gogora ekarri dutenez, duela gutxi Lezo Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide egin da: “Beraz, udalerri euskaldun-tzat jo daiteke herria, baina gaur -gaurkoz Lezon ere euskaraz bizi ahal izateko hainbat eragozpen eta oztopo bizi dira, eta erdara da nagusi gure herrian”.

Iker Salaberria Euskara zinegotziaren esanetan, “ez ditugu alde gaur egungo joera orokorrak. Teknologia berrien eraginak, sare sozialen sarbideak, eta ikus-entzunezkoek herritar isolatuz eratutako gizarte homogeneoak bultzatzen dituzte, eta testuinguru horretan, erdarak dira nagusi”.

“Azken urteotan, gainera, euskararen aurkako oldarraldi betean gaude, gure eskubideak bermatzeko urratsak bertan behera uzten ikusten ari gara, eta gure herrian zapaldua eta baztertuta izan den hizkuntza komunitatea zapaltzailetzat agertzea bilatzen duten diskurtsoa zabaltzen ari dira batzuk”, esan du.

Ikerketa

“Besteak beste aldagai hauek eragiten dute gaur egungo euskararen erabileran. Azkeneko ikerketen argitan, gaur egungo baldintzekin ezin espero liteke euskararen erabilera askorik hobetzea. Beraz, horri aurre egingo badiogu, euskararen erabilerarako egiturazko eta hurbileko baldintzak hobetzeko lan egitea dagokigu”, gaineratu du Salaberriak.

“Sortu dugun leloak dioen bezala, Lezo euskaragarria dela uste dugu” amaitu du zinegotziak.