1964ko apirilaren 5ean inauguratu zen Iturritxikin Azpeitiko Udal Liburutegia, eta 25 urte eman zuen bertan 1989an Enparan Dorretxera joan aurretik. 60 urte pasatu dira inaugurazioaren egunetik eta urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu du Azpeitiko Udal Liburutegiak hurrengo asteetarako. Hasiera emango zaio egitarauari bihar, 18.00etan, Apoako kideek liburutegian gauzatuko duten poesia errezitaldi batekin.

Saio desberdinak

Ondoren, Irakurketa Klubak hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat hainbat saio burutuko ditu Mari Garcia Laderoren gidaritzapean martxoak 21, apirilak 24 eta maiatzak 20an, 17.30ean. Lupe Lekuonaren ipuin kontaketa saio bat izango da apirilak 9an eta apirilak 18an poesia jorratuko dute Irakurle Txokoko kideek (LH3-LH4).

Azpeitiko Udal Liburutegia

Kontu konta kantaldia izena duen beste saio bat burutuko da apirilak 23an Itziar Saenz de Ojer-en eskutik Udal Liburutegian. Lau urtetik aurrerako haurrei eta baita ere helduei zuzendutako ipuin musikatutako saioa izango da. Apirilak 25ean Azpeitiko Udal Liburutegian Irakurketa errazeko festa ospatuko da. Goienetxeko Fundazioko eta Biharko Eguneko Zentroko taldeak izango dira irakurketa festaren protagonistak.

Egun berean, Ander Izagirrek Vuelta al país de Elkano liburua aurkeztuko du, eta apirilak 26an Liburu abenturak eskulan tailerra gauzatuko da Azpeitiko plazan Ludotekako kideekin elkarlanean. Miren Amurizaren Basa liburuaren nondik norakoak izango da apirilaren 30ean burutuko den Literatura Solasaldia saioaren hizpide. 60. urteurrenaren egitarauaren bukaera maiatzak 8an helduko da Pello Añorgaren ipuin kontaketa saio batekin HH5eko haurrentzat.

Elkarlana

60. urteurreneko ospakizunaren egitarauaren aurkezpenean Azpeitiko Udal Liburutegiak herriko eragileekin duen lotura zuzena azpimarratu zen. “Nabarmen-tzekoa da Azpeitiko Udal Liburutegia herriko eragileekin elkarlanean aritzen dela, haiei zerbitzua eskainiz; era berean, haien ekarpenekin aberasten da. Liburutegian errotuta dago elkarlana, eta etorkizunean ere elkarlan hori indartzen eta hazten joatearen aldeko apustua egingo dugu”. Horretaz aparte, Udal Liburutegiak gizartea eta teknologiaren aldaketeei egokitzeko gaitasuna balorean jarri zen. “Urte hauetan asko aldatu dira liburutegiaren izaera eta edukiak, herria eta gizartea aldatu diren bezalaxe. Literaturaren eta teknologiaren bilakaerak eragin zuzena izan dute bai liburutegiaren garapenean, bai espazioaren erabileran. Izan ere, Azpeitiko Udal Liburutegia bizirik dagoen erakunde publiko bat da, herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzen ari dena etengabe”.