Hilaren 27an Zumarragako pilota txapelketa herrikoiko finalak jokatuko dira. Aurtengoa 10. edizioa da eta bi pelotarik bakarrik parte hartu dute edizio guztietan: Jon Zufiaurre eta Alex Fernandez urretxuarrek. Hori dela eta, finalean omendu egingo dituzte. Fernandezek txapa botako du eta Zufiaurrek ohorezko sakea egingo du.

Fernandez 1982an jaio zen. Lehen edizioetan anaiarekin jokatu zuen. Anaiak pilota utzi zuenean, Cesar Ballinarekin jokatu zuen. Azken urteetan Julen Etxeberria ezkiotarrarekin jokatu du. Zufiaurre 1965ean jaio zen. “Lehen edizioetan Jon Antzizarrekin parte hartu nuen. Ondoren, Joxe Alemanekin. Aurten, berriz, semearekin”.

Biek bikotekide guztiekin asko gozatu dutela diote. “Astero pilotalekura etortzea gauza polita da: urduritasuna, giroa…”, dio Zufiaurrek. Fernandez iritzi berekoa da. “Urtero, Gabonen ondoren pilotan jokatuko dugula dakigu. Txapelketa honek xarma du. Ilusioa egiten du Aste Santura arte txapelketa izango duzula jakiteak. Motibagarria da. Gainera, oso giro polita egoten da”.

Zufiaurre atzelaria da eta Fernandez aurrelaria. “Alex oso aurrelari ona da, teknikoa”, aipatu du Zufiaurrek. “Jonen aurka jokatzen duzunean, badakizu izerdia bota beharko duzula. Denak eramaten ditu”, esan du Fernandezek.

Zufiaurrek 59 urte beteko ditu aurten. Azken urteetan bera izan da txapelketako beteranoena. Bere burua ondo ikusten du oraindik. “Aurten beldurra nuen, baina nire burua ondo ikusi dut. Beharbada datorren urtean ere parte hartuko dut”, azaldu du.

Fernandezek adinak ez duela barka-tzen dio. “Eskuek eta gorputzak uzten didaten bitartean, jarraitu egingo dut. Pilota oso kirol polita da. Asko ematen dizu. Baina belauna hautsi nuen eskiatzen ari nintzela eta operatuta dut. Eta eskuek geroz eta gutxiago aguantatzen dute, geroz eta gehiago kostatzen da gorputza berotzea…”.

Biek antolatzaileen lana goraipatu dute. “Ezkion bizi naiz eta han ere txapelketa antolatzen dugu. Lehenengo urtea zailena izaten da eta Iñigo Vianak ikaragarri lagundu zidan: kartelak egiten, kamisetak egiten…”, aipatu du Fernandezek. “Zumarragako txapelketa oso ondo antolatuta dago”, gehitu du Zufiaurrek. “Txapelketan oso gustura sentitzen zara. Pilotaria ondo tratatzen dute, pilotak ondo daude, aldagelak ere bai, dena ondo al dagoen galdetzen dizute… Iñigo eta Josu Viana fenomenoak dira”, amaitu du Fernandezek.