30 urte igaro dira jada Nazio Batuen Asanblada Orokorrak martxoaren 22a Uraren Mundu Eguna izendatu zuenetik. Egun horrekin bat eginez, lau ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “Oria ibaiaren garbiketa izango da ekintzetako lehena, Ibiur urtegira eta araztegira bisita gidatua bigarrena, zaborrak errekara eror ez daitezen sareen ezarpena hirugarrena, eta kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina azkena”. Ekintza hauek guztiak, martxoaren 22aren inguruko datetan egingo direla ere azaldu dute antolatzaileek.

Ekintzetako lehena, datorren astean Tolosako hiru ikastetxeetako DBH 2. eta 3. mailako ikasleek, guztira 290 inguruk, egingo dute. Hain zuzen ere, Udaletik azaldu dutenez, Oria ibaiean garbiketa lanak egingo dituzte. “Plastikoak eta bestelako hondakinak bilduta, bertako ekosistema zaintzea da egitasmo honen helburua”, baieztatu dute antolatzaileek. Hain zuzen, Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan kokatzen dira helburu hauek. Garbiketa lanak hiru egunetan egingo dituzte, goizez, eskola orduetan, eta egun bakoitzeko ikastetxe bat arituko da lanean. Martxoaren 18an Laskorain Ikastolako ikasleak hasiko dira garbiketarekin; ikastolaren inguruan eta Alegiara bidean dagoen bidegorriaren inguruan arituko dira. Orixe Institutuko ikasleek jarraituko dute martxoaren 19an, Araba Etorbidearen parean. Herrikide Ikastetxekoek amaituko dute, hilaren 20an, Andre Maria elizaren atzeko eremua txukunduz.

Eskola Agenda 2030

Ura nondik datorren eta etxera iritsi bitarte zein prozesu jarraitzen duen ezagutzeko, Ibiurreko urtegi eta araztegira bisita gidatua egitea izango da egitasmoaren bigarren ekintza. Martxoaren 24an, igandean, egingo da hau. Ibiur urtegiak hornitzen ditu Tolosa eta Tolosaldeko herriak, eta, hori dela eta, urtegiaren instalazioak bisitatuko dira, baita ura edangarri egiteko araztegi edo tratamendu planta ere.

Prozesua gertutik ezagutzearekin batera, beste hainbat azalpen ere jasoko dituzte parte hartzaileek: uneoro presatik zenbat ur ateratzen den, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen edota uholdeak izateko arriskua dagoenean zein erabaki hartzen diren, besteak beste. Interesa duen orok parte hartu ahal izango du irteeran, aurrez izena emanda. Horretarako tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzi edo 687 702 049 telefonora deitu behar da. Autobus zerbitzua ere izango da. 10.00etan irtengo da Santa Klaratik eta 13.15ak aldera itzuliko da, leku berera.

Hirugarren ekintzan, lurreko zaborrak errekara eror ez daitezen baranden azpialdean sareak jarriko dira herriko puntu gehiagotan. Izan ere, dagoeneko sare horiek jarrita daude zenbait puntutan, bada, aurten beste hainbat tokitan jarriko dira sareak. Laugarren eta azken ekintzan berriz, sentsibilizazioa landuko da Uraren Egunean. Hain zuzen, uraren kontsumo arduratsua sustatzea helburu duen kanpaina egingo da, eta horretarako, kontsumoari lotutako mezuak jarriko dira herriko iturrietan.