Ehunka trikitizale bilduko dira Azpeitiko Soreasu antzokian larunbatean San Josetako Trikiti Jaialdiaz gozatzeko. Ekitaldia 17.30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude 13,50 eurotan San Agustin kulturgunean eta www.kulturaz.eus web-orrian. Hain arrakastatsua izaten den jaialdira joatea nahi dutenek arin ibili beharko dira, zeren atzo sarrera gutxi batzuk baino ez ziren geratzen salmentan.

Urtero legez, San Josetako Trikiti Jaialdia trikitiaren munduan ibilbide aipagarria izan duten trikitilariak omentzeko aprobetxatzen da. Aurtengo edizioko protagonista Jose Luis Etxeberria Xapre (Zaldibia, 1957) izango da. Trikiti Elkarteko kideek Xapre trikiti munduan pertsona “oso maitatua” dela nabarmendu zuten jaialdiaren aurkezpenean. “Umila izan da, eta umiltasun horretatik bazter guztietan ibili da; bidea egin du, baina ez da hain ezaguna izan trikiti zirkulutik kanpo. Trikitiaren alde lan asko egiteaz gain”.

Trikitiaren doinuak nagusi izango dira Soreasu antzokiko eszenatokian larunbatean. Bertan izango dira Lixarra anaiak; Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte; Zaldibiko lagunak; Xabier Zabala eta Andoni Egaña; Jon Ostolaza eta Andoni Larrañaga; Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin; Imuntzo eta Beloki; eta Iker Allur eta Jokin Tolosa.