Larunbat honetan Sukaldanitzak egitasmoko edizio berri bat hasiko da Urretxun. Bertan jaiotakoek eta bertara bizitzera etorritakoek elkarrekin kozinatu eta bazkalduko dute, Urretxuko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiaren eskutik.

Aurten ia 40 pertsonek eman dute izena, aurreko urteetan baino gehiagok. Hori dela eta, inor kanpoan geratu ez dadin, parte hartzaile bakoitza bi saiotara joan ahal izango da. Gaurkoan Kolonbiako bandeja paisa eta Peruko limoizko opila postrea prestatuko dituzte.

Hurrengo bi saioak

Bigarren saioa, martxoaren 2an izango da (datorren asteko larunbatean). Parte hartzaileek Senegaleko thiebou diene (arroza arrainarekin) eta Marokoko postre bat prestatuko dituzte. Azkeneko saioa martxoaren 23an izango da. Oraindik ez dute egun horretako menua zehaztu.

Izena eman duten pertsonak jatorri anitzekoak dira: Kolonbia, Peru, Costa Rica, Senegal, Maroko, Nikaragua eta Venezuelakoak, besteak beste. Batzuek iaz parte hartu zuten eta errepikatu egin nahi dute eta beste asko azken hilabeteetan iritsi dira Urretxura eta harrera eskolan izan dute egitasmoaren berri.