Gipuzkoako Foru Aldundiak Santa Barbarako errepidea berrituko du uda honetan. Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak eta Jon Luqui alkateak hitzarmena sinatu zuten joan zen apirilean eta asteazkenean jarraipen bilera egin zuten. Ondoren, lankidetzaren hurrengo urratsen berri eman zuten. Santa Barbarako errepidearen birgaitzea uda honetan hasiko dela aurreratu zuten. Obra Aldundiak egingo du eta aurrekontua 336.000 eurokoa da. Ondoren, errepidea Urretxuko Udalaren eskuetara pasako da.
Horretaz gain, Ipeñarrietako zuzengunea birgaituko dute. Aparizio auzoko errotondatik herriaren sarreraraino doan errepide zatia birgaitzea 206.526 euro kostako da. Obra Aldundiak ordainduko du, baina obraren ardura Udalak hartuko du. Errepide horren ondoan Telleria enpresa lantegi berria eraikitzen ari da eta gasolindegi bat ere egiten ari dira. Udalak lan horiek kontutan hartuta berrituko du errepidea, obra egin eta berehala beste lan batzuek errepidea kaltetu ez dezaten.
Aldundiaren eta Udalaren arteko hitzarmenean jasotako lehen lana iazko udan hasi zen eta bukatu dute dagoeneko: Santa Barbarako errepidearen ondoan eta Pagoeta auzotik Etxaburura doan bidean luiziek eragindako kalteak konpondu dituzte eta berriro luizirik egon ez dadin hartu beharreko neurriak hartu dituzte. Aurrekontua 479.764 eurokoa izan da. Aldundiak %49 ordaindu du eta Udalak %51.
Asteazkeneko ekitaldian, Ubarretxenak erakundeen arteko lankidetza azpimarratu zuen. “Gure konpromisoa udalekin elkarlana estutzea da. Tokiko beharrak eta eskaerak entzutea. Errepideak funtsezkoak baitira bizi kalitate on baterako. Hori dela eta, lehen mailako zein bigarren mailako sarekoak izan, errepideak egoera onean mantenduko ditugu”.
Luquik luiziek eragindako kalteak konpontzeko eta luiziak saihesteko egindako lanen garrantzia azpimarratu zuen. “Lan horiek lehentasunezkoak izan dira. Lan horiei esker, inguru horrek eta luizien eragina jasan zuten etxebizitzek segurtasun handiagoa dute”.
Horrekin lotuta, Luquik eskerrak eman zizkien Udalaren izenean lurren jabeei, lurrak Udalaren eta Aldundiaren esku jartzeagatik eta obra egin duten bitartean emandako laguntzagatik.