Kultur Izpien programan aurkeztutako Tutera-Azpeitia ekimenari hasiera eman zitzaion otsailaren 17an. Kilometroen inguruan Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Lagun Onak MBak elkarlanean antolatutako ekimena da. Bederatzi etapatan egingo dute bidea, Nafarroa barrenetik Kilometroen festa egingo den herriraino. Nafarroan euskarak duen egoera eta hango bizilagunek egiten duten lana ezagutzea da ekimenaren asmoetako bat.

Bi autobus bete joan ziren Azpeititik Tuterara, eta hango plazan elkartu ziren Tuterako Argia ikastolako Gari Urbizu eta Maider Ansotegirekin zein Errigorako eta Agerraldiako Blanca Garcia boluntarioarekin. Ekimena aurkeztu zuten Lagun Onak MBko Arantxa Larrañagak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri antolatzen ari den 2024ko Kilometroetako koordinatzaile Gorka Artolak, eta horretaz gain, euskalgintza Nafarroa hegoaldean egiten ari den lanaren errekonozimentua egin zuten. Azpeititik joan zirenek Urola eskualdeko produktuez osatutako saskiak eraman zituzten (Errezil sagarrak eta Sagardoa), eta Erriberako produktuz betetako otarra jaso zuten (borraja, orburuak, arroza eta zainzuriak) Errigorako eta Argia ikastolako ordezkarien eskutik. Ibilbideari ekin aurretik argazkia atera zuten plazan eta, ondoren, 34 kilometrotako ibilbideari ekin zioten Milagroraino.