Gerra Zibilan eta Frankismoan gertatutakoak ez ahazteko Arkalen trabajadoreen barrakoiaren erreplika inauguratu dute asteburu honetan Oiartzunen . Egitura hau memoria historikoa berreskuratzeko elkarteak, Kattin Txikik, eta Udalak elkarlanean eraiki dute.

1939an ekarri zituzten lehen trabajadoreak Oiartzunera, behartutako lanak egitera. 1939tik 1942ra 12.500 trabajadore inguru aritu ziren es-klabu lanetan eskualdean, ia 3.000 Oiartzunen. Haien lanekin eraiki ziren Oiartzungo eta eskualdeko hainbat errepide.

Ekitaldian, aipamen berezia egin nahi izan zitzaien kide baten ihesaldiaren ondorioz fusilatu zituzten zortzi trabajadoreei: Manuel Baucells Sola, Felipe Ledesma Cano, Antonio López de Dios, Mariano Calvo Herrador, Francisco Murillo Dávila, José Sánchez Molero, José Sirena Inza eta Antonio López Fernández. Bakoitzaren izena daraman pikotx bana jarri zuten barrakoiaren ondoan, omenaldi moduan.

Fusilatu zuten trabajadoreetako baten senitartekoak, Manuel Baucells Solaren bilobak, bertan izan ziren. Alkatearekin batera inauguratu zituzten gertatutakoa kontatzeko tokian bertan jarri dituzten informazioa eta argazki panelak. Hunkituta eman zituen eskerrak Beatriu Baucellsek: “Urte asko daramat aitonaren bila. Gizon gaztea zen, alarguna. Ausaz fusilatu zuten, horrela agindu zutelako. Injustizia hori barru-barruan daramagu, egia jakitea nahi dugulako, isiltasun eta iluntasunarekin amaitu eta pasatakoa argitara ateratzea”.

Eskerrak eman zizkien Kattin Txikiri eta Udalari egindako lanagatik, “gertatutakoa ezagutarazi eta iluntasuna zegoen lekuan argi emateagatik”.