Usurbilgo Kalezar auzoko Pelaioenea eraikina barrutik osatzeko obrak amaitzear daudela, auzotarrek eta Emakumeen Etxeko sustatzaileek, Udaleko ordezkariekin batera, adostu dute ongietorri festaren eguna. Martxoaren 23an, larunbatean, inauguratuko dute eguerdian.

Kalezarko Pelaioenea bi proiekturen egoitza izango da: auzotarren udal ekipamendua eta Usurbilgo Emakumeen Etxea. 2020-21 artean nork bere parte-hartze prozesua egin zuen, Elhuyarrek gidatuta, eta zenbait saiotarako elkartu ziren, Pelaioenearen funtzionamenduari buruzko alderdiak elkarrekin erabakitzeko. Esan bezala, Pelaioeneko obrak amaitzear, berriz elkartu dira, orduan hitz egindakoak gogorazi eta xehetasunak adostuta uzteko.

Hasieran hala aurreikusi ez bazen ere, han kokatuko da Udaleko Berdintasun saila eta han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere. Ondo bidean, Aste Santuaren ostean izango da hori.

Pelaioenea eraikinaren lanen inguruan irizpide nagusi bat aintzat hartuta egin zuten: eraikina hutsetik ez hastea, baizik eta dagoena mantendu eta birgaitzea, hain zuzen ere.

Birgaitze horren beste irizpide bat izan da material natural eta jasangarriak erabiliz egitea. Pelaioeneak, orain, egurrezkoa eta teila mistoko teilatua du. Jatorrian, eraikinaren sarrera nagusia Belmonte kalean zegoen, eta orain ate bana jartzeko bi irekiera egin dizkiote fatxadan, plazara eta aparkalekura bana.

Bestalde, Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatuko dute, azkenean, ia utebeteko atzerapenarekin. Udalak enpresari jakinarazi dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola.