Alex Diaz txirrindulari urretxuarrak Caja Rural taldearekin fitxatu du, Elite mailako lehen denboraldia egiteko. Bere asmoa profesional mailara salto egitea da eta denboraldia modu ezin hobean hasi du: lehen lasterketa irabazi du. Murtziako Vuelta al Guadalentin itzuliko lehen etapa, hain zuzen ere.

Caja Rural taldearekin fitxatu aurretik, Eulen eta Baque taldeetan aritu da. “Baqueren 23 urte azpiko taldea desagertu egin da. Gainera, Baque taldean hiru denboraldi eman ditut eta aldatzeko garaia zela iruditu zait. Izan ere, aurten 23 urte azpikoen mailatik Elite mailara pasa naiz. Baque taldean oso gustura nengoen, baina egutegia murriztu egingo litzaidake: 23 urte azpikoentzat zuten egutegia ezin hobea zen niretzat, baina Elite mailan murriztu egingo litzateke. Gainera, Baqueren filosofia 23 urte azpikoei aukerak ematea zen”.

Profesional mailako taldea duen talde batera joan nahi zuen eta bere helburua lortu du. “23 urte azpikoetan eman ditudan urte hauetan oso argi ikusi dut: filial batean daudenak bakarrik igotzen dira profesional mailara. Laboral Kutxakoak Euskaltel-Euskadira igotzen dira, Finisherrekoak Kern Pharmara eta Caja Ruralekoak profesional mailako Caja Ruralera. Gainontzekoak ez dira igotzen”.

Denboraldia bi zatitan banatzen da: Espainiako Kopa maiatzera arte, gero Espainiako Txapelketa eta ekainetik aurrera, bigarren zatia. “Espainiako Kopa egiteko asmoa dut. Hamaika lasterketa dira. Horien artean, Legazpiko Santikutz eta Eibarko Balentziaga. Nire helburu nagusia bi lasterketa horiek dira. Gainera, batera dira: Legazpikoa maiatzaren 1ean eta Eibarkoa 5ean. Iazkoa hobetzea zaila izango da, Santikutzen hirugarren postuan sailkatu bainintzen”.

Lehenengoz Espainiako Kopako lasterketa guztietan parte hartuko du. “Euskal Herrian hiru proba bakarrik daude, aipatutako biak eta Asteasuko Aiztondo, eta orain arte nik hiru horiek bakarrik egin ditut. Aurten, guztiak egingo ditut. Gainontzekoak ez ditut ezagutzen eta hori desabantaila da, baina esperientzia nire alde dut eta gainera oso txirrindulari erregularra naiz. Ez naiz oso irabazlea, baina beti lehenengo 15-20ean sar-tzen naiz. Espainiako Kopan lehenengo 40ek puntuatzen dute”.

Diazek bosgarren urtea du afizionatu mailan. “Bost urte hauetan gauza asko aldatu dira. Errendimenduaz gain, nire gorputza ere bai. Lehen urtean 54 kilo nituen eta egun 62 kilo pasa. Urte hauek oso azkar pasa dira”.

Asko nabaritzen du pisua hartu izana. “Orekan asko nabaritzen dut. Lehen asko sufritzen nuen. Dagoeneko ondo defendatzen naiz, baita haizeak jotzen duenean ere. Beharbada mendate luzeetan pisu gutxiagorekin hobeto ibiliko nintzateke, baina iaz Gorlan ondo aritu nintzen. Pisua hartzeak mesede egin dit. Entrenatzearen ondorioa izan da”.

Ez da garailea, baina bai oso erregularra. “Esprintetan gaizki molda-tzen naiz, baina aldapa gora eta ihesaldietan ondo. Talde batean iristea eta irabaztea zaila da, baina ikasten ari naiz. Aurten albokoari eskulekua sartzen ikasi dut. Indarrik ez dudanez, ondo mugitzen saiatzen naiz”. Murtzian esandakoa egia dela erakutsi zuen.