Gizarte erronka “potoloenetako” bat zaintzarena dela sinetsita, Aretxabaletako Udalak herritarren beharrei erantzungo dien zaintza ekosistema diseina-tzen hasi da. “Argi daukagu erantzukizun nagusia erakundeek dutela eta estrategia berriak martxan jarri behar direla. Hala ere, eredu publiko-komunitario baten aldeko apustua egiten dugu, eta, horrela, herriko eragileen eta norbanakoen arteko elkarrekintzaren bidez sare bat sortzeko lan egingo dugu”, azaldu du Ongizate zinegotzi den Nerea Zubillagak.

Testuinguru honetan, eta herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, zaintzaren diagnostiko bat egingo da, bakardadean arreta berezia jarrita. Gaur egun, bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako 289 herritar daude: 77 gizon eta 212 emakume. “Aretxabaletako egoera zein den jaso nahi da, ondoren jendearen beharren araberako estrategia bat zehazteko”, gaineratu zuen Zubillagak. Proiektu hau, Udalbatza eskutik helduta doana, ez da hutsetik abia-tzen. Izan ere, mugimendu feministak eta Aretxabaleta Lagunkoiak egindako lanak hartuko dira kontuan.

Hiru zutabe nagusik markatuko dute egitasmo honen norabidea: prebentzioa lantzeko sare komunitario bat sortzea; zuzeneko zerbitzuak, eta zaintzaileen zaintza (haien formakuntza eta aholkularitza, esaterako).

Eguneko arreta zerbitzua

Ekosistema horren baitan, komentua izandako eraikinean kokatuta egongo den Eguneko Arreta Zerbitzuak paper garrantzitsua jokatuko du. “Mendekotasun egoerak agertu aurreko esku-hartze goiztiarra egitea izango litzake baliabide honen eginkizuna, etorkizuneko narridura fisiko eta kognitiboko egoerak prebenitzeko. Autonomia eta independentzia sustatzea eta indartzea du helburutzat zerbitzu honek, galera funtzionalak atzera-tzeko, eta familia eta gizarte-inguruneari eusten laguntzeko”, aurreratu du Ongizate zinegotziak.

Zaintza munduan eskarmentu handia duen Antziñe Mendia Balerdi gizarte langilea da proiektuaren koordinatzailea. Beraz, behin diagnostikoa eginda, bigarren pausoa adin multzoka profil ezberdinetako pertsonekin harremanetan jartzea izango da. Herriko eragileekin egitasmoa partekatu eta hauen parte hartzea bultzatzea beste urrats bat izango da, talde motorra eratuz. Sentsibilizazioan eta komunikazioan eragiteko kanpainak ere egingo dituzte. “Adineko pertsonentzat herri erosoa eta zaintzailea izatea nahi dugu. Udalak baliabideak eskaintzea, zahartze prozesua etxean egiteko; komunitatearen bidez, egunerokotasuneko zailtasunak arintzea eta zahartze aktiboa mantentzea”, dio Zubillagak.