Urtero bezala Inauterien iragarle izan ohi dira Hungariako kaldereroak Tolosan, eta gaurkoan ere, festa badatorrela ospatuko dute tolosarrek egun osoan zehar.

Datorren asteko ostegunean hasiko da festa, izan ere Ostegun Gizena ospatuko da, eta beraz, gaur, Urdina Txiki Elkarteko antolatzaileek azaldu dutenez, “etxeko trapuak, alkandorak, kateak eta zartagin zaharrak hartuta” Tolosako alde zaharreko kaleak girotuko dituzte kaldereroek. Aurten, gainera, ospakizun berezia izango da kaldereroena. Izan ere, 50 urte betetzen ditu Urdiña Txiki Elkartearen konpartsak, eta, elkartekideek azaldu dutenez, Urdiña Txiki “kaldereroen kalejira antolatzen hasi zenetik gaur egunera arte, parte-hartzaileen kopurua asko handitu da”.

Herrian, gaur egun, kalderero eguna inauterien festaren ezinbesteko parte bihurtu dela baieztatu daiteke, alegia. Gaur egun jende ugari mozorrotzen da Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibiltzeko.

Kaldereroen konpartsak desfilea hainbat zati edo parte ezberdinekin osatzen du. Ikuskizunaren buru joan ohi da flauta, biolin eta akordeoi-jo-tzaileez bereziki osatutako taldea. Kalderero doinuak jotzen dituzte hauek, eta beraiekin batera izaten dira ere koroa eta dantzariak. Hauen atzetik, musikariez aparte, azken urteetan festaren protagonista bihurtu den hartzak ere gurutzatzen ditu alde zaharreko kaleak, Urdiña Txiki elkarteko domatzaile baten laguntzaz. Eta, bukatzeko, hauen atzetik, karroza ere izaten da, erreginarekin eta banda zuzendariarekin. Nola ez, Tolosako herrian musikak duen garrantzia dela eta, ehunka musikari ere joaten dira karrozaren atzetik, eta zartagin-joleak ere izaten dira musikariei jarraika. Eta, desfilea ixten, txistorra ogitartekoak banatzen dituen gurdia izaten da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ehunka musikari batzen dira gaurko kaldereroen konpartsara. Izan ere, hasierako taldeko musikariez gain, kaldereroen banda herrikoia dago, eta bertan parte hartzen dute Tolosako Musika Bandako kideek, Udal Musika Eskolako bandako ikasleek eta herriko beste musikarik. Guztien artean, inauterien etorrera iragar-tzeko kaldereroen doinuak interpretatzen dituzte, Udaletxeko plazatik abiatu eta alde zaharreko kaleetan barrena. Hiru pieza dira gaurkoan musikariek jotzen dituztenak. Kalejiran, kalez kale joaten direnean, Kaldererotako kalejira deitutakoa jo-tzen dute eta, gero, geldirik daudelarik, Kaldereroen abesbatza eta Kalderero hungariarrak lanean. Ibilbidean zehar egiten dituzten geldialdietan jotzen dituzte pieza horiek, eta, jada tradizio bilakatu da konpartsa jarraitzen duen jendeak piezak zartaginekin laguntzea eta abestea.

Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Eusko Ikaskuntzak argitaratutako Neguko festak lanean esaten duenez, kaldereroen festak sorrera Donostian izan zuen, eta urte batzuk beranduago eratorri zen Tolosara. “Sortzea Donostian izan bazuen ere, beste herrietara ere zabaldu zen festa eta, kalean zehar, Sarriegiren musika alaiaz ibiltzen dira herritarrak”, aipatzen du Garmendia Larrañagak bere lanean. Gainera, etnografo tolosarrak azaldutakoaren arabera, “Gorosabelek dioenez, pertza konpontzaileak euria iragartzen digu, eta txorroskileroengatik ere askotan entzuna dugu hori”. Tolosan, ohitura zahar hori aldatu eta, euriaren etorrera iragartzeko baina, herritarrek duten festarako giroa iragar-tzen du ekitaldiak.

Tolosarren gaurko festa ordea, ez da arratsaldeko konpartsarena soilik izaten. Izan ere, ospakizunekin atzo hasi ziren herrian, Topic-eko aretoan Musika Eskolako musikariek kaldereroen kontzertu berezia eskaini baitzuten 19.00etatik aurrera. Gaurkoan berriz, 10.30etan hasiko dira ospakizunak, Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsaren eta Dultzaineroen bandaren eskutik. Izan ere, Gernikako Arbola lorategietatik irtengo dira, kalejiran. 12.00etan, Aiz-Orratz elkarteko txaranga ibiliko da kalez kale, eta ondoren, 12.30ean, haurren jaialdia izango da, Leidor aretoan. Gauean, kaldereroen konpartsa amaitzerakoan ere, izango da festarako tartea, Incansables txaranga ibiliko baita, kalez kale.