Euskal Herriko hainbat txokoetan bezala, bihar arratsaldean Errenteriako Ereintza taldeak Santa Ageda bezpera ospatu du kopla eta bertsoekin batera.

Parte-hartzaileak 17.45ean bilduko dira Ereintzako egoitzan. Jarraian, taldea kaleratuko da eta Desira tabernan egingo dute lehen saioa 18.20ean. Ondoren, Xenpelar bertso eskolako taldearekin batera, Elixabete Perez Gaztelu hizkuntzalari-tzan ikertzaile eta irakasle errenteriarra omenduko dute Foru Plazan, 18.40ean

Jarraian, Magdalenaren Lagunak izango dituzte kantagai Magdalenaren basilikan 18.55ean eta segidan Leku Zarra tabernak ongietorria eskainiko die koplariei 19.15ean.

Errenteriako herrigintzan eragin zuzena duen eta urtero herriko jaien atarian argitaratu ohi den Oarso aldizkaria gogoan, arituko dira Mikelazulon 19.35ean eta gero Kerala tabernan (19.50ean), Donosti sagardotegian (20.10ean) eta Maite Tabernan (20.30ean) ere sartu-irtentxoa egingo dute umore ona eutsiz.

Azkenik, Santa Agedaren koplen ospakizunari amaiera emanaz, eta hor ere bertso eskolako taldearekin bat eginez, hain arrakastatsua den Landarbaso abesbatzari zorion agurra eta esker ona erakutsiko diote udaletxeko arkupetan 20.50ean.

Koplari gisa Amaia Agirre arituko da. Soinujoleak Doike taldekideak izango dira eta Ereintzako txistulariak, ohikoa den bezala, joan-etorri guztietan arituko dira. Xabier Vesga izango da talde osoaren zuzendaria.

Aipatzekoa da ere berariazko bertsoak Julian Albisturrek, Sabin Irastorzak eta Mikel Ugaldek idatziak izan direla.

Esan gabe doa taldea erabat irekia dela parte hartu nahi duen edonorentzat beti ere ohiko jazkerak mantenduz. Dei berezi bat zabaldu die errenteriar guztiei omenaldi xume honetan parte har dezaten adierazitako lekuetan.

Bestalde, bihar ere Trintxerpen koplak abesten aterako dira eta Euskadi Etorbidea erabat moztuko da 12.30etik 14.00etara, kalejirak irauten duen bitartean. Beti bezala, Udaltzaingoak seinaleak jarriko ditu ainguraren biribilgunean, Correosen eta Lasan. Trafikoa portuko eremutik bideratuko da.