Bihar arratsaldean Lasarte-Oriako Euskal Inauteriei hasiera emango diote. Duela 20 urte baino gehiago hasi zen Ttakun Kultur Elkartea festa hau prestatzen eta antolatzen eta oso errotuta dago herrian, gainera oso jendetsua izaten da. Ohikoa den moduan, desfilea Hipodromoko zubitik abiatuko da eta erdialdeko hainbat kaletan barrena ibiliko da.

Arkaitz Illarramendik, Ttakuneko Kultur dinamizatzaileak, zehaztapen gehiago eman zituen ibilbidearen inguruan: “Euskal Inauteriak 17.30ean hasiko du bere kalejira Hipodromoko zubian, muga sinbolizatzen duen lekuan. Tajamarko biribilgunera iritsitakoan, Ola kaleko biribilgunerantz joango da eta Okendo plazan amaituko da. Ibilbidean zehar bi geldialdi egingo dira, hainbat dantza egiteko”.

Okendo plazara iristean, akordioa bilatuko da txantxoekin, inauterietako gaiztoekin, aurten uzta txarrik ez izateko, udalerrian kalterik izan ez dadin eta ondoezik sor ez dezaten, herriaren ongizatea bermatuz.

Behin ilundutakoan, dantza bat egingo da zuziekin, eta Kaxkamalo erreko da. Kaxkamalo txantxo bat da, baina aurreko urtean egindako ituna ez zuen bete eta herrian hainbat gaitz eragin zituen.

Euskal Inauteriek udaberriaren etorrera ere sinbolizatzen dute, har-tza bere hibernaziotik esnatzen denekoa.

Jaietako zinegotziak, Txus Alonsok, jakinarazi zuenez, eguraldi txarra balego, ekitaldiak REM zaharreko patioan egingo lirateke. Gainera, gogorarazi zuen Lasarte-Oriako Udalak Ttakunekin urtero sinatzen duen hitzarmenaren barruan daudela Euskal Inauteriak.

Illarramendik aditzera eman zuenez, Ttakunen helburuetako bat euskal kultura babestea eta susper-tzea da eta Euskal Inauterien antolaketa euskal ohituren berreskurapenean kokatzen da.