Bi asteren baitan Tolosako herriak inauteriak ospatuko dituenez, Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak, festetan balkoiak apaintzeko ohitura indartzeko lehiaketa bat antolatu dute elkarlanean. “Herritarrak Tolosako dendetan oihalak eta apaingarriak erostera animatzen ditugu, komertzio txikia babestu eta azken urteetan beherakadan den tradizio hau berreskuratzeko asmoz”, aipatu dute lehiaketaren antolatzaileek. Lehiaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea; nahikoa da balkoiak Ostegun Gizen goizerako apainduta egotea. Epaimahaia, moda eta espazioen dekorazioan adituek osatua, Tolosako kaleetatik igaroko da goiz horretan bertan eta balkoi original, koloretsu eta dibertigarriena aukeratuko du. Irabazlea egun horretan bertan emango da jakitera Tolosa Turismoa eta Tolosa&Co-ren sare sozialen bitartez, eta 300 euroko saria jasoko du herriko dendetan trukatzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baina gehiago sortu zen Tolosan. Diotenez, inspirazioa Azkaratek Galtzaundiri eskaini zion bertsoetako bat izan zen. Urte askotan ohitura haziz joan zen, baina, azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Udaleko turismo saila ekimen hau aurkeztera.