First Lego League Euskadi-Mondragon torneoaren finala martxoaren 2an izango da Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean. Egun horretan, Challenge kategorian, 10 eta 16 urte bitarteko ikasleez osaturiko taldeak proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta lego piezez eraikitako robot batekin askotariko jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin. Masterpiece erronka medio, denboraldi honetan besteekin partekatu nahi duten zaletasuna identifikatu beharko dute (musika, zinema, antzerkia…), teknologia modu sortzailean erabiliz. FLL Explore kategoria, aldiz, 6-9 urte arteko ikasleei zuzenduta dago.

Lehiaketak estatu mailako txapelketara sailkatzeko balioko du. Atzoko aurkezpenean azpimarratu zutenez, Arrasateko ekitaldirako ehun boluntario behar dituzte (arbitro, epaile, floater…), 40 taldetan banatutako 300 ikasleei lagun-tzeko. Innobasque.eus-en dago izena emateko aukera.