Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak kalejira koloretsua antolatu du urtarrilaren 27rako. Antola-tzaileek azaldu dutenez, “bailarako eskola publikoak eta haur eskolak babestea” da ekimenaren helburu nagusia. Gainera, Adunako herri eskolako, Alkizako herri eskolako, Amasa-Villabonako Fleming herri eskolako, Asteasuko Pello Errota herri eskolako, Larraulgo herri eskolako, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Mari Otaño eskoletako, Aiztondoko Erniobea institutuko eta Aiztondoko eskolako familia, irakasle eta herritarrak daude deituta.
Kalejira jendetsua Villabonako Errebote plazatik abiatuko da 17.00ak aldera, eta Joxe Arregi plazaraino joango da, erraldoi, buruhandi eta ipotxez lagunduta. Hau amaitzean, jolasak, tailerrak eta musika izango dira bertan. Izan ere, bailarako guraso elkarteek eta haur eskolek haurrentzako jarduerak antolatu dituztela azaldu dute antolatzaileek.