Urola eskubaloi klubeko kadete mailako mutikoek Euskal Ligara sailkatzea lortu dute. Igoera faseko partidak asteburuan jokatu dira.
Ereintza Aguaplast, Hernani Onddi, Urdaibai eta Urola RSA taldeek jokatu dute. Urola RSAk jokatutako hiru partidetatik bi irabazi ditu eta Euskal Ligan jokatuko du denboraldia amaitu arte.
Ostiralean Hernani Onddi garaitu zuen. Lehen zati parekatu baten ostean, Jose Angelek eta Alainek entrenatutakoak nagusi izan ziren bigarrenean, garaipen erosoa lortuz.
Larunbat arratsaldean ezin izan zuten Urdaibairekin. Bizkaitarrak indartsu hasi ziren eta laster hiruzpalau goleko aldea lortu zuten. Urolakoek ez zuten amore eman eta partida orekatu bazen ere, ez zuten aldea murriztu, ezta Bermeokoak gehiegi estutu ere.
Igandean Ereintza Aguaplasten aurka jokatu zuten. Bi taldeek Euskal Ligarako sailkapena poltsikoan zuten, eta entrenatzaileek ordura arte gutxien jokatu zutenei minutuak ematea erabaki zuten. Errenteriarrek aurrea hartu zuten markagailuan, baina Urolakoek berdintzea lortu zuten. Bigarren zatiaren erdialdean hiruzpalau goleko abantaila lortu zuten eta abantaila hori bukaerara arte kudeatzen jakin zuten. Hala, bigarren postua eskuratu dute igoera fasean.