Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urretxu eta Zumarragako 23 odol emaileri aitortza egin zien larunbat eguerdian. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten.

25 odol ematetik gora egin dituzten 23 zumarragar eta urretxuar izan ziren omenduak. 25 aldiz odola eman duten gizon eta emakumeak Jesus Alberdi Goenaga, Maria Begoña Antia Etxeberria, Rosario Boillos Berzosa, Luis Mari Etxezarreta Agirre, Imanol Jauregi Ruiz eta Maria Arantzazu Legarda-Ereño Ezkurra urretxuarrak eta Amaia Bartolome Bascones, Iñigo Cantero Arrieta, Igor de la Calle Martin, Maria Jose Elgarresta Atxukarro, Juncal Hernandez Andoain eta Jose Angel Mendez Agirre zumarragarrak dira.

40 aldiz eman dutenak Maite Etxarri Lete eta Marisol Garin Arrieta urretxuarrak, 50 aldiz eman dutenak Jesus Maria Plazaola Etxeberria eta Angel Mari Galende Fabian zumarragarrak, 60 aldiz eman dutenak Maria Pilar del Barrio del Barrio urretxuarra eta Ana Maria Garcia Ruiz zumarragarra, 75 aldiz eman dutenak Gorka Biain Reguero eta Roberto Santamaria Pinillos zumarragarrak, 80 aldiz eman dutenak Maria Concepcion Garrido Maniega eta Teresa de Jesus Pascual Gonzalez zumarragarrak eta 100 aldiz eman duena Juan Carlos Lazaro Lesmes urretxuarra.

Gonzalezek ekitaldi horretan egotea “gozamena” zela esan zuen. “Zaintzaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, zuena bai dela komunitatea zaintzea. Bizitzak salbatzen dituzue, eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik!”.

Luquik, Gonzalezek adierazitakoa berretsi ostean, gazteengan jarri zuen fokua. “Herritar guztiei, baina bereziki 18 urtetik gorako gazteei, dei egin nahi diet odola ematera anima daitezen”. Odola emateak duen garrantzia ere nabarmendu zuen. Azkenik, Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak egiten duen lana goraipatu zuen. “Aurten 60 urte bete ditu elkarteak, eta espero dugu beste 60 gutxienez hemen egotea”.

Ondoren, Belen Ballina eta Arantxa Pagaldain Odol Emaileen elkarteko kideek hartu zuten hitza. Orain arte egindako bidea nolakoa izan den kontatu zuten. “Lehenengo urtean 200 odol emate egin ziren, eta orain, 30.000 inguru egiten ditugu urtean”. Eboluzio horren parte izan diren guztiei “eskerrak” eman zizkieten. Bukatzeko, Juani de Miguelek 23 odol emaileei diplomak eta dominak banatu zizkien.