Sagarrondoen eta baserritarren ekarpena goraipatzen duen ikuskizuna ikusi ahal izango da aurki Urretxun. Andoni Salamero olerkari zumarragarrak, David Azurza musikari eta abeslari tolosarrak, Urbil Artola musikari donostiarrak eta Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak Sagarrondo txintxo, sagarrondo on ikuskizuna egingo dute ostiralean, 19.00etan, Urretxuko Labeaga aretoan.

Ekitaldia atzo goizean aurkeztu zuten Urretxuko udaletxeko portaloian. Aurkezpen ekitaldian Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Salamerok parte hartu zuten. Fidalgok ikuskizun “osoa” eta “originala” dela aipatu zuen. Izan ere, musika, dantza eta poesia uztartzen ditu.

Ezkion estreinatu

Salamerok ikuskizuna Ezkioko Igartubeiti baserri dolarean estreinatu zutela gogoratu du. Toki ezin hobean, beraz. “Ikuskizun honetan, musika eta dantza uztartuz, sentiberatasuna ardatz dugularik, gure baserrietan protagonista ditugun sagarrondoen inguruan sortu diren bizipenen eta sentipenen berri emango dugu”.

Baserritarrak ere omenduko dituzte. “Sagarrondoak bertako protagonistak baditugu ere, haiek ekoizten eta lantzen zituztenak baserritarrak izaten ziren: sagarrondoak zainduz, sagarrak bilduz, eta atseginezko zukua, sagardoa, eginez. Egun, prozesu hori guztia beste era batean egiten bada ere, baserritarrei eta haiek egindako lanari esker ezagutzen dugu sagardoa nola egiten den”. Hori dela eta, olerkari eta kultur eragile zumarragarrak herriko baserritarrei gonbidapen berezia luzatu zien.

Urretxuko Labeaga aretoan elkartzen direnek bidaia berezi batean parte hartuko dute. “Sagarrondoa patxaska izatetik, sagar-hazi denetik, sagardo bihurtzen den une berezira. Dantzaren, musikaren eta hitzaren bidez prozesuaren berri ematen jardungo gara. Prozesu horren behatzaile jator diren baserritarrak hortxe ikusiko ditugu sagarrondoa zaintzen, inausten, sagarrak biltzen, sagarra jotzen, sagardoa egiten, sagardoa eginda, erromerian ere parte hartzen…”.

Baserritarrak goraipatu

Buka-tzeko, baserritarrei esker ona azaldu zien. “Lan hauxe baserritarrei egin nahi diegun aintzatespen edo errekonozimendua da, hain zuzen haiek eta beraien arbasoek lan hauen ingurukoak bizi izanda, oraindik ere beren egite ona, lurretik ateratako emaitza, guri eskaintzen aritzen direlako. Baserritarrek oso gogor lan egiten dute gu elikatzeko”.