Bihar, urtarrilaren 17an, hasi eta martxoaren 31ra bitartean luzatuko da Neguko Kultur Egitaraua Alegian. Azaldu dutenez, “kultur eskaintza zabala prestatu du Alegiako Udalak herriko kultur eragileekin batera”. Ohiko moduan, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu dira. Egitarauari hasiera emateko, bihar, besteak beste, Behin batean dantza artean ipuin kontaketa saioa eskainiko du Haizea Loira kontalariak liburutegian 17.00etatik aurrera. Lau eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzendutako saioa izango dela baieztatu dute Udaleko kideek. Otsailean berriz, egitarauarekin jarraituz, txintxarri abesbatza kultur elkarteak antolatuta Kantu Eske Herrikoia egingo da Santa Ageda bezperan, hilaren 4an. Kantu-eskean arituko dira 18.30etik aurrera herriko kaleetan zehar.
Martxoan, kultur egitarauaren azken hilabetean, gauzatuko dira Neguko egitarauko ekitaldi gehienak. Martxoaren 1ean, besteak beste, Jon Plazaolak Tu Tum Platz bakarrizketa aurkeztuko du 22.00etan zineman. Hurrengo astean, Emakumeen Nazioarteko egunaren baitan, Ainarak dokumentalaren proiekzioa egingo da Zinean eta Anne Etchegoyen protagonistarekin solasaldia izango da jarraian. Hilabete guztian zehar beste hainbat ekitaldi ere jasoko ditu Alegiak. Ipuin kontalarien ipuin kontaketa saioa edo Karmele Jaio idazlearen liburuaren inguruko solasaldiak, besteak beste. Egitaraua bukatzeko, martxoaren 31n, igandearekin, Pazko eguneko zahagi ardoa egingo dute plazan.