Erabat elektrikoa den bere lehenengo ibilgailua erosi du Usurbilgo Udalak. Izan ere, bere ibilgailuak ordezkatzen hasiko da, erregai fosilak alboratzen hasteko helburuarekin. Lehenengo ibilgailu elektrikoa brigadak erabiliko du.
Gainera, ibilgailu berriak erostekotan, Udala legez behartuta dago erregai fosilak behar ez dituztenak erostera, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 legearen bidez.
Udalak, guztira, erregai fosilekin funtzionatzen duten hamahiru ibilgailu eta zortzi tresna ditu eta, batez beste, 14,75 urte dituzte. Hortaz, horietako zenbait ordezkatzeko premia agerian gelditu da. Horrek inbertsio handia eskatzen duenez, ibilgailuak ordezkatzeko plangintza egin dute, mailaka egiteko.
Konkretuki hamar urte baino gutxiago dituztenak zortzi dira; zazpi hamaika eta 20 urte artekoak dira eta sei 21 eta 30 urte artekoak dira.
Hala, Udalak datozen urteetan ibilgailuak berritzeko inbertsioa egin beharko du, eta hori egin ahal izateko lagungarri izan daitezkeen dirulaguntzak eskuratzen saiatuko da; esaterako, Europako Batasunaren Next funtsak.