Síguenos en redes sociales:

Erronka guztiak hautsi ditu aurtengo Azpeitiako Kulturaz ekimenak

Guztira 214 ekitaldi izan dira eta 48.258 ikusle gerturatu dira antolatu dituen ekintzetara

Erronka guztiak hautsi ditu aurtengo Azpeitiako Kulturaz ekimenakKulturaz

Kulturaz kooperatibak helburu guztiak bete ditu aurtengo edizioan. Horietako bat antolatu behar zituen ekintzetan parte-hartzaile kopuruak gora egitea zen eta ez dago dudarik zapaia gainditu dutela.

Guztira 214 ekitaldi kudeatu zituen iaz eta 48.528 entzulek hartu zuten parte beraietan. “Horretaz aparte, formaziorako eta sentsibilizaziorako bide berriak landu ditugu, eta hainbat bidelagunen bultzadari esker urte ona izan da”, esan zuten Kulturazeko kideek balantzearen aurkezpenean.

Sormen eta transmisioko 17 proiektu ditu martxan gaur egun. APOA (Askoren Poesia Ahotsak) eta Antzerki Sormen Laborategia martxan jarri diren berrien artean daude, eta Hitzaren Eskola eta Grafiaz Betea topatzen ditugu errepikatzen direnen artean, besteak beste. 15 sormen egonaldi burutu dira Dinamoa sormen gunean eta Soreasuko espazioetan. Egonaldiak gauzatu dituzten talde zein norbanakoak beraien lanak ontzeaz gain jende aurrean erakusteko aukera izan dute ere. Guztira 4.556 erabiltzaile igaro dira Dinamoko espazioetatik, honela, orotara 53.000 erabiltzailera igoz Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetatik igaro eta ekitaldietan parte hartu dutenen kopurua.

Ekitaldiak antolatu diren espazioei erreparatuz gero, 105 Sanagustin kulturgunean ospatu dira, 89 ekitaldi Soreasun, bederatzi Dinamoa sormen gunean jendaurrera begira eskainiak, eta hamaika izan dira kalea hartu dutenak. Ekitaldi guzti horietatik 51n sarrera ordaindu behar izan da, eta 163 doan izan dira.

Agertokira igo diren sortzaileetatik 195 EuskalHerrikoak izan dira eta horietatik 96 herrikoak edo eskualdekoak. Aipatzeko da ekitaldien %16 soilik izan direla euskaraz ez den beste hizkuntza batean. Bestalde, agertokira igo diren pertsonen %54 emakumezkoak izan dira, eta %46 gizonezkoak. Izan diren diziplina desberdinetako ekitaldien artean, 69 izan dira soinuari lotutakoak, 52 gorputzaren inguruan antolatuak, 47 ekitaldi hitza ardatz izan dutenak, eta 32 irudia landu dutenak.

Hezkuntza formalean ere txertatuak ditu mediazio eta sentsibilizazio proiektuak Kulturazek. Honela, ikastetxeetako haur zein gazteak kultur sormenera gerturatzeko bidea zabaldu dute. Eta beste urte batez, administrazioekin, kultur eta gizarte eragileekin elkarlana sustatu da. Ekitaldien sustatzaileen datuei begira jartzen bagara, 44 ekitaldi Kulturaz kooperatibak antolatu ditu. 71 herriko kultur komunitateek Kulturazek kudeatzen dituen espazioetan antolatu dituzte, eta 99 gainerako eragileek programatuak izan dira.