Asteburu honetan Oiartzungo herriak leku egingo dio Xabier Leteren ibilbideari. Aurten 80 urte betetzen dira idazle, poeta eta kantaria Oiartzungo Landetxen jaio zela.

Hortaz, ostiral arratsaldean eta larunbat eta igande goizean Leteri buruzko bi bideo-elkarrizketa egongo dira ikusgai Oiartzungo udal pleno aretoan, etenik gabe. Bertan Xabier Leteren haurtzaroa eta bizitza Arantxa Lete arrebak kontatua eta Leteren lan artistikoari buruzko solasaldia Joxe Angel Irigarai poetarekin ikus ahalko da. Bideoak ikusgai egongo dira, ostiralean 17.00etatik 20.00ak bitarte eta asteburuan 10.00etatik 13.00ak bitarte. Proiekzioek iraun bitartean, ikusleak nahi bezala ibiliko dira sartu irtenean.

Igandean berriz, herritarrek bi hitzordu izango dituzte. 18.30ean Landetxeko sarrera nagusian Lete eskultura inauguratuko da eta jarraian, Hesia urraturik emanaldia, Leteren 10. heriotza urteurren ospakizunerako Joxan Goikoetxeak idatzitako oratorio sinfoniko-korala, Landetxeko kulturgunean ikus ahalko da.

Eraikin berria eta plazako itxuraldaketa bukatuta, pasa den urteko ekainean Udalak Lete eskultura jarri zuen kultur aretoko sarrera nagusiaren alboan eta igandean inauguratuko da.