Tolosako Udalak antolatutako Tolosatik Palestinara aitortza ekimenean, elkartasuna adierazi zieten tolosarrek palestinarrei urtarrilaren 5ean Triangulo plazan, azaldu dutenez, Gazako sarraskitik iristen diren zenbakien atzetik pertsonak daudela erakusteko helburuarekin. 11.30etan hasita, 30 herritar inguruk, bost segunduro, Gazan eraildako herritar baten izena irakurri zuten, Tolosako kale guztietan entzun ziren izen horiek. Tolosatik Palestinara ekimenaren antolatzailea den Aritz Lopezen hitzetan, “kontzientziazio lan bat” egin nahi izan zuten ostiraleko saioarekin. “Komunikabideetan entzuten ditugun zifra horien atzean pertsonak daude, bizitzak daude. Izena jarri nahi genien pertsona horiei guztiei, kontzientzia har dezagun eta konturatu gaitezen zer tamainako sarraskia egiten ari diren Gazan” baieztatu du Lopezek.

Guztira, 1.100 izen irakurri zituzten ordu eta erdian. “20.000 hildakotik gorako zenbakiak ematen ari dira eta izen guztiak irakurri beharko bagenitu, etenik gabe, 30 orduko ekimen bat egin beharko genuke” gaineratu dute antolatzaileek. Behin izenen irakurketa amaitu ondoren, bertaratu guztiek elkarretaratzea egin zuten Trianguloan. Tolosatik Palestinara ekimenaren antolatzaileek “gatazkaren konponbidea eta berehalako su etena” eskatu zuten.