Urtarrilaren 9tik 24ra Hernaniko gobernu taldea auzo guztietako herritarrekin elkartu da. Horretarako Auzo Bira prestatu dute, herritarrekin komunikaziorik hoberena izateko. Hau da, Helburu nagusia Gobernu Plana azaltzea da eremu bakoitzari dagozkion proiektu eta egitasmoetan sakonduz.

Zortzi bilera antolatu dituzte eta guztietan Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak parte hartuko dute gobernu taldeko zinegotziek lagunduta.

Esan bezala, lehenengo bilera urtarrilaren 9an izango da. Egun horretan Sorgintxulo, Jauregi, Latsunbe, Marieluts, Urbieta 16-18, Eduardo Chillida eta Galarretako bizilagunak Langile ikastolan (Meabe eraikina) daude deituak.

Urtarrilaren 11n Sagastialde auzoa, Sagastialde Berri auzoa, Antziola 31-116, Iturmendi auzoa, Bestizal kalea, Etxeberri eta Florida 46 eta 161 zenbakien artean bizi direnen txanda izango da Floridako elizan.

Urtarrilaren 15ean Argarain, Oriamendi, Perkaiztegi, Bidebieta, Montebideo, K. Labaka, Gabriel Zelaia, Antziola 1-18 eta 24-30, Mañe i Flaquer, Gartzia Goldaratz eta Florida 1 eta 20 zenbakien arteko bizilagunek Burujabetzen Etxera (Florida 28) joan beharko dute.

Urtarrilaren 17an Andre Kalea, Atzieta, Nagusia, Ezkiaga, Gudarien plaza, Napar Kalea, Aimar Elosegi, Iturriaga, Plaza Berri eta Zapan bizi direnek Biteri kultur etxean dute hitzordua.

Urtarrilaren 18an Elkano, Izpizua, Txirrita, Oartzu, Orkolaga, Urbieta 1-20, Aristizabal, Agustindarren plaza eta Floridako bizilagunek bilera Biteri kultur etxean izango dute.

Azkeneko bilerak urtarrilaren 22an, 23an eta 24an izango dira gainontzeko auzotarrekin. Batzar guztiak 18.30ean dira.