Plastic Energy enpresak Zumarragako lana bertan behera uztea erabaki du eta UZ Bizi plataformak “herritarren garaipen handia” dela adierazi du.

Plataformak zumarragarrei bere esker ona adierazi die. “Eskerrak eman nahi dizkiegu plastiko erraustegia gure etxebizitza, eskola eta osasun zentroetatik metro gutxira ezartzeko proiektu hau gelditzeko lanean aritu diren pertsona eta gizarte eragile guztiei”.

Herritarrak beren eskubideen eta bizi baldintzen alde mobilizatzen direnean, garaipenak lortzen direla gehitu dute. “Borrokatzea eta antolatzea da gizarteko eta ingurumeneko bidegabekerien aurkako sendabelarrik onena. Pertsonen eta komunitatearen alde konprometitzeak merezi duela da borroka honetatik atera dezakegun ikasgai nagusia”.

Plastic Energy multinazionalak Zumarragan “pirolisi instalazio bat” ezarri nahi zela jakin zenetik, herritarrei horrelako azpiegitura batek osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen kalteen eta ondorioen berri emateko lan egin dute. “Besteak beste, ekintza hauek egin dira: herritarrak informatu eta antolatzeko batzarrak; eskuorriak banatu Zumarragako eta Urretxuko etxe guztietan eta Iñaki Beitia martxan; pirolisiari buruzko dibulgazio bideoak zabaldu; Plastic Energy proiektuaren dokumentazio teknikoa eta espedienteak lortu eta enpresa hori hurbiletik ezagutzen zuten pertsonekin eta ingurumen adituekin elkarrizketatu”.

Plataformaren helburuak

Horretaz gain, EAEko eta Europako parlamentariekin eta Plastic Energy ezarrita dagoen komunitate eta udalerrietako arduradun politikoekin harremanetan jarri ziren. Azkenik, abenduaren 14an hitzaldi bat egin zuten. “Plataformaren lehentasuna plastiko erraustegia ezartzeak ekarriko lituzkeen arrisku eta ondorioen berri ematea izan da. Izan ere, hauteskunde garaiko promesa eta argazkietatik harago, erraustegiaren bultzatzaileetako inor ez da etorri herritarrei proiektuaren inguruko azalpenik ematera: ez multinazionala, ez Zumarragako PSE-EE, ez eta Jose Ignacio Asensio bera ere. Gabezia horri erantzunez, UZ Bizik frogatu du saldu nahi ziguten plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikun-tza poloa proiektuaren atzean plastiko erraustegi bat zegoela; Plastic Energyrentzat ad hoc diseinatutako lau milioi euroko laguntza deialdia egin zutela Aldunditik eta Zumarragako PSE-EE proiektua ezartzen laguntzeko udal legeria bihurritzen saiatzen ari zela”.

Lana ez dela bukatu gehitu dute. “Asensiok esan bezala, multinazionalak proiektu bera hemendik 80 kilometrora ezartzeko asmoa badu, UZ Bizik borroka honetan pilatutako baliabideak jarriko ditu plastiko erraustegia bere kokapen berrian ere gauzatu ez dadin. Ez dugulako erraustegirik nahi, ez hemen, ez inon. Era berean, datozen hilabeteetan Samiñon, Oletan eta Irimon eraiki nahi dituzten zentral eolikoen inguruko lanketari helduko diogu eta dei egiten diegu plastiko erraustegiaren aurka bidelagun izan ditugun herritar eta eragile guztiei borroka honetara batzeko”.