Idoia Etxeberriaren Arraroa da normalena lanak jaso du Karmele Igartua sorkuntza lehiaketaren 13. edizioaren sari nagusia. Zortzi zomorro bereziren abenturekin osatu du bere antzezlana Etxeberriak. “Armiarma zuri bat, hegorik gabeko euli bat, matxinsalto hanka-oker bat… dira protagonista. Eta azkenean, duten berezitasun hori da normalena lan honetan”, zehaztu zuen kazetari eta idazle oñatiarrak.
Karmele Igartua poeta eta idazle aretxabaletarra gogoan duen sariketak haur eta gazteen literaturari (an-tzerkia eta gidoia) eskaini dio bere azken edizioa. Guztira sei lan aurkeztu dira, “oso maila onekoak; aberastasun handia erakusten duten obrak dira, antzeztu daitezkeenak”, azpimarratu zuen epaimahaiko kide den Pako Arizti idazleak.
Beraz, Etxeberriak irabazi du Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak antolatzen duen lehiaketaren 2.500 euroko saria. Aipamen berezia, ordea, Goizeder Iturain zumaiarrarentzat izan da, mutiko batek hainbat pertsonari galdera bati erantzuteko egiten duen ahaleginaz hitz egiten duen Argi ilunak lanagatik. “Orain dela zazpi urte irabazi nuen sariketa hau eta nire ibilbidea hortxe hasi zen, hortaz, oso berezia da nire-tzat”, azaldu zuen Iturainek abenduaren 30ean Arkupen egindako ekitaldian. Lan guztiak eskuragai izango dira www.idazten.com atarian.
Bekaren hurrengo deialdia ipuinetan oinarrituko da.