Alegia – Kaleetako argiak berritzeko lanean hasi dela jakinarazi du Alegiako Udalak, eta, guztira, hiru motako lanak egingo dituzte, azaldu dutenez. Batetik, faroletako bonbilla zaharrak LED argiekin ordezkatuko dituzte. Bestetik, gune ilunetan argi berriak jarriko dituzte, eta, bukatzeko, Aralar  kaleko faroletan beso berriak jarriko dituzte “oinezkoek argi egokiagoa” izan dezaten. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, orain arte Erbeta auzoko kale argiak berritu dituzte LED argiak jarriz, eta bonbilla zaharrak gorde egin dituzte beste gune batzuetan berrerabiltzeko. Horrez gain, Haur Hezkuntzako eraikinaren atzean bi argi berri jarri dituzte puntu ilun bat zela iritzita. Aurrera begira, berriz, argiteria berritzeko asmoa dute San Juan kalean eta Etxe Txuri bidean ere.

Aipatutakoaz gain, Aralar kaleko farolei beso berri bat gehituko diete. Alegiako alkate Regina Sorarrainek azaldu duenez, “autoentzako dira, eta ez dute nahikoa argirik ematen oinezkoentzat. Gainera, herriko bide garrantzitsuenetako bat da”. Gainera, aldaketa guzti hauek “herriko puntu ilunak ekiditeko eta efizientzia energetikoaren bidean pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin” egin direla baieztatu du. Udalak, guztira, 18.000 euroko inbertsioa egin du lanketa egin ahal izateko.