Aurten ere, hamargarrenez, Urtezahar krosa egingo dute Ibarran urtea jai giroan bukatzeko. Ainhoa Muñagorri eta Manke Davila dira orain arte krosa antolatzen aritu direnak, eta aurten ere korrikako saioa eginez amaituko dute urtea herriko plazan. Antolakuntza orokorra Muñagorri eta Davilak egiten duten arren, boluntarioen lana “eskertzekoa eta ezinbestekoa” dela diote antolatzaileek. “Bion artean egiten dugu, berez ez duelako zailtasun berezirik, baina 40 boluntario ingururen laguntza izaten dugu eta eskerrak eman behar dizkiegu” baieztatu dute. Izen ematea doakoa den arren, helduei janari pakete bat eramatea eskatzen diete eta, horrela, janari kiloak biltzen dituzte urtero. “Elkartasun keinu bat egiten dugu janari pakete bat eskatuz, besterik gabe”, azaldu dute.

Helburua, nolabait herria urte amaieran girotzea dela diote Muñagorri eta Davilak, eta, aurten ere, jendeari “mozorrotzeko deia” luzatu nahi izan diete. “Batzuk mozorrotuta ateratzen dira eta oso polita da. Ea aurten jende gehiago animatzen den mozorrotzera”. Krosa 16.00etan hasiko da igandean. Ordu horretan DBH 2 arteko haur eta gazteek hartuko dute parte eta 16.30etan izango da helduen txanda.